Goikoplazan gaur artisautza azoka, bihar Plazaolako maratoiaren helmuga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 15a, 02:00

“Bide Berdeak batzen gaitu” izenburupean, Goikoplazan Plazaolako lehenengo artisau azoka antolatu dute Andoaingo Udalak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak, bi bailaratako artisauen laguntzarekin.

Ordutegia: 10:00-14:00 / 16:00-19:00
“Bide Berdeak batzen gaitu” izenburupean, Goikoplazan Plazaolako lehenengo artisau azoka antolatu dute Andoaingo Udalak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak, bi bailaratako artisauen laguntzarekin. Ia hogei artisau eta ekoizle hurbilduko dira, oso eskaintza zabalarekin: zapatak, zurezko tresnak, eztia, gazta, bitxiak, taloak, jantziak, ukenduak eta kremak, makramea, ehun naturalak, etab. Guztiak eskuz egindakoak dira, eta osagai naturalekin.

Txutxu trena goizean, Goikoplazatik Otietara
Goiz osoan zehar hainbat bidaia egingo dituzte Leitzarango Otietaraino. Bertan Plazaolako trenbide zaharraren inguruko historia kontatu eta gaur egungo Naturbidearen ibilbidea azalduko dute.
Tailerrak eta jarduera osagarriak arratsaldean, Goikoplazan
Haur eta helduentzat tailerrak eskainiko dituzte, ordubeteko iraupenekoak. Hain zuzen ere, hiru eskulan tailer egingo dira arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Andoaingo Goikoplazan:
• 16:00 Talo tailerra Leitzako talogileen eskutik.
• 17:00 Ileko zintak Fanny Alonsoren eskutik.
• 18:00 Ehunezko mantalak Telarista Urbanaren eskutik.

Igande goizean, Plazaolako maratoia eta maratoi erdia
Udalaren eta Plazaolako partzuergoaren arteko lankidetza sakonduz doa azken urteotan. Igandean Goikoplaza indarra hartzen ari den lasterketaren helmuga izango da. Batzuk Lekunberritik iritsiko dira, maratoia osatuz. Eta beste batzuk, aldiz, Leitzatik, maratoi erdia osatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!