Juvenal Villafañe gogoan hartuko dute igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 15a, 02:00

ETAk Juvenal Villafañe Garcia Guardia Zibil ohia hil zuela 25 urte beteko dira, igande honetan. Andoaindar talde batek gogoan izango du eguerdiko 12:00tan Lopez de Lacalle parkean. 1993ko irailaren 16ko gertaera hura gogoan, Aiurri astekariak erreportajea landu du.

Juvenal Villafañe Garciak 77 urte zituen, eta urteak ziren Guardia Zibila izateari utzi ziola. Adin horrekin atentatua pairatu duen bakarrenetakoa da ETAren historian. Igande honetan hilketa hartaz 25 urte beteko dira. Blanca bere alabak, bizirik dauka aitaren oroimena: “Aita onbera, jantzia eta hiztuna” zela nabarmendu ohi du hari buruz galdetutakoan. Denbora tarte honetan ama eta bi ahizpak hil zaizkio, eta Eskola kalean bizi zen familia hartatik Blanca alaba eta iloba Oscar bakarrik bizi dira. Blanca Villafañek ez du nabarmentzeko gogo berezirik, ez du aitak jendaurrerako zuen dohain hori garatu. Bizitza apala darama Andoainen, eta biktima izaera diskrezioz darama. Elkarbizik urtero azaroaren 10ean, biktimen nazioarteko egunean, antolatzen duen ekitaldian parte hartu ohi du. Babestuta sentitzen da Mikel Arregik eta Elkarbiziko kideek antolatzen duten omenaldi ekitaldian.

Normala den bezala, aita galdu zuen eguna –1993ko irailaren 16a– sekula ahaztuko ez duen eguna izango da. Blanca ama eta ahizpak atentatuaren lekura hurbiltzen saiatu ziren, etxe azpian gertatu baitzen atentatua. Baina Ertzaintzak eta Gurutze Gorriak gehiegi hurbiltzea eragotzi zieten, Juvenalek zauri oso larriak zituelako. Blanca alaba une horietan Castro Urdialesetik zetorren autobusean. Ezustea izan zuen Donostiako geltokira iristean, bizilagun bat zain zuelako. Albiste argirik ez zioten eman, baina ez zen ona inondik inora. Lehenik Andoainera abiatu ziren, eta hortik ospitalera. Hara iristean dagoeneko hilik aurkitu zuen aita.

Sargento ezizenez, oso ezaguna zen Andoainen

Juvenal Villafañe Sargento ezizenez ezaguna zen Andoainen. Ehiztari, arrantzale edota pasaportea berritu behar zuen edonorentzat aholkulari modukoa. Guardia Zibila izateari utzi zionean, herrikide askori lagundu zion burokrazia ofizialari lotutako agiritegia lortzen. Armak izateko lizentzia eduki behar zen halabeharrez, eta Andoainen bazegoen jende ugari tramite hori egin gabe zegoena, arrazoi ezberdinengatik: utzikeria, ezjakintasuna, ezagutza eza,... Villafañe erreferentzia zen herritar eta baserritar askorentzat. Adinean gora, egun gutxira 78 urte bete behar zituenean, ETAk bonba lapaz hil zuen.

Leongo Mansilla de las Mulasen jaio zen, familia errepublikar batean. Gerrak soldaduska egiten harrapatu zuen eta orduan luzatu zioten Guardia Zibilean sartzeko eskaintza. Gerra bukatuta, jaioterrira itzulita, panorama tristea topatu zuen: Gosea, miseria, lanik eza..., Guardia Zibila sartzea beste erremediorik ez omen zuen ikusi. Bere aitak halabeharrez onartu behar izan zuen Juvenal semearen erabakia. Errepublikarra zen, eta tarteka zera adierazten omen zuen etxean: “Lanik ez zegoelako gerra ostean, gainerakoan, semeari ez nion inondik ere Guardia Zibila izaten utziko!”.

Juvenalek bere lan ibilbide osoa Guardia Zibilean egin zuen. Castro Urdialesera bidali zuten lehenbizi, eta gerora emaztea izango zena han ezagutu zuen. Hiru alabak bertan jaio ziren: Mari Carmen, Maria Angeles eta Blanca.

Erretiroa hartuta, Andoainen bizitzen jarraitzea erabaki zuen

Villafañe-Campo familia 1960ko hamarkadaren hasieran iritsi zen Andoainera. Kale Nagusiko etxe batean jarri ziren bizitzen, eskola publikoko irakasleekin batera.

Jubilazioa iritsita ere, Juvenal Villafañek eta familiak ez zuten Andoain utzi. Bertan bizitzen jarraitzea erabaki zuten. 

Bizitzaren azken hondarretan, ETAk bere aurka ekitea erabaki zuen. Atentatuarekin harrituta, hiltzen ari zen bitartean atentatua izan ote zen galdetzen zien laguntza ematera hurbildu zitzaienei. 78 urte betetzera zihoan, egun haietan.

{{IMG-41738}}

"Atentatua izan al da?", Villafañek errepikatzen zuen galdera hiltzear zegoela

Ostegun hartan bizitokia zuen Eskola kaletik oso gertu utzita zuen ibilgailua, Makaldegiko aparkalekuan. Renault 11 zen, SS4653W matrikuladuna. Tokiz aldatu nahi zuela eta, autoan sartu eta azpikaldean itsatsita zuen bonba lapak berehala eztanda egin zuen. Zartadak ibilgailua lehertu zuen, eta baita ondoko merkatalguneko eta inguruko kristalak apurtu ere. Zer esanik ez dago Juvenal Villafañeren gorpua txikituta geratu zela. Gerritik behera zauri oso larriak zituen. Eztandarekin arropa hautsita zuen, gorputz atal gehienak biluzik utzirik. 

Atentatua bortitza izanagatik ere, Villafañe ez zen berehala hil. Eta ez zuen une gogor haietan konortea galdu. Bi herritar hurbildu zitzaizkion lehenik, bi anai zehazki. Ibilgailutik atera eta lurrean eduki zuten, Gurutze Gorria iritsi zen arte. Minutu gutxiko tartea izan zen, eta ondo gogoan dute bizirik atera zutela. Berehala jabetu ziren nor zen zauritua, herrian oso ezaguna zelako. Lehen arreta eskainita, bizitako une horiekin erabat hunkituta alde egin zuten. "Atentatua izan al da?" galdetzen zien Juvenal Villafañek lehen laguntza ematera hurbildu zitzaizkionei. Andoaindarrek ondotxo dakitenez, Gurutze Gorriko etxola Makaldegian bertan dago, Eskola kaletik 200 metro eskasera, N-1 errepide aldera. Bertan ziren Gurutze Gorriko kideek ez zuten inoren deirik jaso behar izan, eztanda entzun eta gertaeraz berehala jabetu baitziren. Lehen une horietan, argazkiari erreparatuta, arduradun lanetan agertzen den Gurutze Gorriko kidea Pedro Unanue da. Ondo oroitzen du 1993ko gertaera hura, esku-hartze zaila izan baitzuten. Aidanean Villafañe bizirik zen, eta hil ala biziko egoeran sartu zuten anbulantzian, ospitalerako bidean. Pedro Unanue urte luzez Gurutze Gorriko kide izan da, eta egun EH Bilduko zinegotzia da udaletxean.

Argazkian bada aipatzea merezi duen beste pertsona bat, andoaindarra izanez gero atentzioa deitzen duena. Pedro Unanueren parean, argazkian bizkarrez agertzen dena, Joseba Pagazaurtundua Ruiz izan zitekeen? 

Aiurrik aurreko asteetan herrikide ezberdinen artean kontsulta egin zuen eta gehienek ia ziurtasun osoz zioten argazkikoa Pagaza zela. Udaltzaina zen Andoainen, eta zuen lanbideagatik logikoa dirudi atentatuaren tokiraino hurbildu izana. Gurutze Gorriko kideekin batera, argazkian Villafañeren egoera larria onbideratzeko ahalegin betean ikusten zaio.

Ezaguna denez, 2003an Agustin Leitza kalean dagoen Daytona tabernan ETAk buruan tiro eginez hil zuen Joseba Pagazaurtundua. Zehazki, Juvenal Villafañeren aurkako atentatua gertatu eta hamar urtera.

Joseba Pagazaurtunduaren arreba Maiteri argazkia erakutsita, bere anaia dela dio ziurtasun osoz: "Joseba da. Egun hartan loreak erosi zituen eta, berak deituta, lehen aldiz lagun gutxi batzuk bildu ginen Andoainen, atentatua gertatu zen lekuan bertan. Ez dut sekula ere ahaztu bakartasun eta tristezia hura, eta anaiaren indarra lore sorta eskuan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!