Mugikortasunaren Astea ospatuko dute Aiztondon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 14a, 02:00

2000 urteaz geroztik ospatzen dute Mugikortasunaren Astea Europan, eta eskualdeko herrien bat egiten dute ospakizun horrekin. Aiztondon egingo diren ekintzen berri eman dute gaur eguerdian Amasa-Villabona, Zizurkil, Aduna eta Asteasuko alkateek, Tolosaldea Garatzeneko ordezkariekin batera. 

Irailaren 15ean, larunbatarekin, bigarren eskuko azoka egingo dute Villabonako Berdura plazan. "10:00etatik 13:00etara egingo da azoka eta objeturen bat saldu nahi duenak, 09:30etarako ekarri beharko du bertara. Azoka amaitu ondoren, 13:30etan etorri beharko dute berriz ere Berdura plazara, saldu ez diren objetuak edo saldutakoaren dirua jasotzera", azaldu du Maite Izagirrek. 

Larunbatean bertan, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, bizikletaren mantenuari eta mekanikari buruzko tailerra eskainiko dute 10:30etatik 13:00etara. "Etxetik bizikleta eramatea komeni da, zein egoeratan dagoen ikusiko dute bertan, eta mantenuari buruzko aholkuak ere emango dituzte", azaldu du Joxe Mari Luengok. 

Irailaren 21ean berriz, ostiralarekin, Aiztondo bailarako Mugikortasun festa egingo dute, 10:00etatik 12:00etara, Zubimusu zubian eta inguruko kaleetan. Pili Legarrra Asteasuko alkateak azaldu duenez, "bailarako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek inguru horietako kaleak hartu eta mugikortasun iraunkorrarekin zerikusia duten jokoak egingo dituzte". Bertako produktuez osatutako hamaiketako osasungarria dastatuko dute parte-hartzaileek. 

Horrekin lotuta, Adunako herri eskola ikasle, irakasle eta gurasoek, Aduna eta Andoaingo mugan dagoen bidegorrian barrena bizikleta bira egingo dute eta 10:30ak aldera Zubimusura iritsiko dira, festara batzeko. "Kontuan hartu beharko da egun horretan bide mozketa egingo direla motordun ibilgailuentzako", aipatu du josu Amilibia Adunako alkateak. 

Antolatzaileek, amaitzeko, sentsibilizazio kanpaina honekin bate egiteko gonbita luzatu diete herritar guztiei. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!