Hondakinen gaikako bilketa sustatzeko kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 14a, 02:00

"Kolore, Kolore, ingurumena nik zainduz beti hobe” izenburupean, hondakinak ondo bereiztearen garrantzia azpimarratuko duen kanpaina abiarazi du Amasa-Villabonako Udalak. Euskarri ezberdinak erabiliko dituzte kanpainari lotuta, eta galdeketa bat ere bidaliko dute etxe bakoitzera, egungo bilketa sistemaren inguruko iritziak jaso ahal izateko.

Atzo iluntzean aurkeztu zuten kanpaina, Txistu-zesta eskulturaren alboan. Euskarri ezberdinak sortu dituzte herritarrek kanpainaren berri izan dezaten:

1.     Hotzgailuetarako imana. Bertan ikusi ahal izango da zein zaborrontzitan sartu behar den hondakin bakoitza.

2.     Koloretako gometxak produktuetan jartzeko. Helburua haur eta nerabeek, nahiz jende gazteak, beren etxeko produktuei dagokien edukiontziaren kolorearen gometxak jartzea da, ondoren argazkia Facebookera igo eta lehiaketan parte hartzeko. Parte-hartzaile guztien artean 4 sarrera banatuko dira urria eta azaroan zehar Herriko aretoetan zinema edo antzerkia ikusteko.

3.     Berdura plazan postua jarriko dute imanak banatu, zalantzei erantzuna eman eta inkesta txiki bat egiteko.

4.     Erdiguneko faroletan zintzilikariak diren banderak jarri.

Gazteekin lan eta jolasak egingo dira hurrengo lau ostiraletan:

Saskibaloia, gincana, edukiontziz edukiontzi eta karta joko aiton-amon eta bilobekin.

 Merkatari eta ostalaritzarekin lanean

 Amasa-Villabonan gutxi gora behera, 70 merkatari eta ostalari daude eta heziketa zuzena egingo dute. Horretarako hezitzaile batek, Amasa-Villabonako merkatari eta ostalari guztiak bisitatuko ditu. Honen helburua, heziketa zuzena eta bakoitzari egokitua ematea izango da, zaborraren birziklapena egokiago egin dezaten. Bestalde, inkesta txiki bat egingo zaie, beraien iritziak, zalantzak, eskaerak kontutan izateko.

Behin informazio guztia jasota, diagnosi bat egingo da eta udaletxearentzat txosten bat prestatuko da. Honen arabera, epe motzera, ertainera eta luzera lortu beharreko helburuak ezartzeko aukera egongo da.

 Etxeetara galdeketa bat bidaliko da 

Herriko jendea kanpainaren parte sentitzeko, inplikatzeko, kanpainak iraungo duen hilabetean zehar, larunbatero jolas bat antolatuko da. Joko guzti hauetan inkesta bat banatuko da galdera batzuk erantzun ditzaten eta era berean, imanak banatzeko aukera polita izango da. Sariak, herriko antzerki eta zine aretoetan pelikulak edo antzezlanak ikusteko sarrerak izango dira.

Behin kanpaina bukatu ostean azterketa bat egingo da. Emaitzak lortu eta gero, kanpainaren bigarren zatiari ekingo zaio.

 

Maite Izagirrek hartu zuen hitza prentsa aurrean egindako agerraldian.  “Erreflexiorako eta elkarbizitzarako balio duen berebiziko gaia da, alde batetik birziklapen maila igo, eta bestetik, elkarbizitza hondatzen zuen egoera gainditzeko beharrezkoa izan dena.”

Maite Izagirrek prozesu luze honen historia azaldu du “2015ean, Amasa-Villabonako herritarrek udaletxea gidatzeko aukeratu gintuzten. Herentzian jaso genituen hainbat gai arantzatsuen artean, etxeko zabor bilketaren inguruko gaia aurkitzen zen. Herritarren gehiengo baten nahiak bultzaturik gure esfortzuak, hondakin zehatz bakoitzarentzako koloretako edukiontzi desberdinen instalakuntzan oinarritze zen modelo bar martxan jartzera bideratu genituen. Edukiontzi guztiak herriko puntu desberdinetan kokatu dira eta behin jaso ondoren, edukiontzi grisaz gain, espezializatutako instalakuntzetan birziklatzen dira. Sistema hau, askoz eraginkorragoa izateaz gain, erosoagoa eta garbiago da”.   

Ondoren, honako hau azpimarratu du “aurreko udal gobernuak atez atekoa ezarri zuen eta egiaztatu ahal izan dugun moduan, herritarren gehiengo batek uko egiten zion herriaren nahiei entzun gabe ezarri zen sistema honi, eta horrek, eragin zuzena izan zuen elkarbizitzan”.

2015ean herritarren gehiengo baten nahiarengatik oraingo Udal Gobernuak formula berria jarri zuen martxan. Ez zuen aurrekoarekin zerikusirik, elkarrizketa eta negoziaketan oinarritzen zen. Zaborren kudeaketa sistema berri bat adosteko partidu politiko guztiek parte hartzen duten lan mahai bat sortu zen.

Maite Izagirrek hasiera ez zela erraza izan gogorarazi du “lehenengo bilera horietan, iraganeko inertziei eta atez atekora gerturatzen ziren murrizketez beteriko planak ezartzeko nahiei aurre egin behar izan genien. Eta hori ez zen irtenbidea. Azkenik, hitzartutako gaikako hondakin bilketa malguagoa, erosoagoa, garbiagoa eta eraginkorragoa da, birziklapena sustatu baitu”.

Alkatea herritarren eta udaletxearen arteko konfiantzaren eta lortutako emaitza bikainen inguruan ere jardun da. “Lehen momentutik bata bestearen konfiantzan oinarritutako sistema bat zela esan genuen. Batetik, herritarrengandik udaletxeak ondo funtzionatuko zuen zerbitzu bat ezarri zuenaren konfiantza, eta bestetik, udaletxeak, herritarrek erabilpen egokia egingo zutenaren konfiantza.”

Orain, sistema hori ezarri zenetik urte batzuk igaro ondoren, balantzea guztiz positiboa da:

-        Zerbitzuaren erabilera maila oso altua da

-        Edukiontzien erabilera egokia egiten da

-        Konpostaren erabilerak modu egokian jarraitzen du

 

Eta garrantzitsuena, gaikako bilketaren portzentaiak oso altuak dira, %82ra iritsi gara. Datuen arabera, Tolosaldeako herri handien artean birziklapen ehunekorik handiena dugu eta Gipuzkoako altuenetarikoa dugu ere. Gaikako bilketako portzentaiek, Mankomunitateak 2020rako ezarrita zituen helburuak gainditzen ditu.

“Lorpen hau ez litzateke posible izango herritarren inplikaziorik gabe, horregatik etorkizunean aurrera egingo duen kolaborazio paregabeagatik zoriondu nahi ditut amasa-billabonatar guztiak. Gainera, datu hauekin, atez atekoa gehien birziklatzen zuen sistema zenaren baieztapena gezurra dela frogatu da”.  Adierazi du Izagirrek. “Zerbitzu berri hau martxan jarri genuenean sistema perfekturik ez zegoela esan genuen; baita ere, birziklapen mailak gora egiten jarraitzeko, zerbitzua optimizatzeko balio duten ekimenak bultzatu eta hobekuntza oro egiteko, kontzientziazioan, hezkuntzan eta konbentzimenduan oinarritu behar ginela aipatu genuen. Ez genuen ezer lortuko aurreko gobernu taldeak martxan jarri zuen sistema zapaltzailearekin.”

Amaitzeko honakoa adierazi du “Udal honek badaki herriko zabor bilketaren kudeaketa sistemak hobekuntzak izan ditzakela. Gure udalerrian puntu kritikoak daude, besteak beste, txipa duten edukiontzien, tamaina handiko hondakin deposituen, arropa edukiontzien etab. erabilera desegokia egiten da kasu batzuetan. Arrazoi horregatik, herritartasuna eta partekatutako errespontsabilitatea sustatuko dituen sentsibilizazio kanpaina jarri dugu martxan “Kolore Kolore, ingurumena nik zainduz beti hobe” leloarekin”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!