Denboraldi berrirako prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 14a, 02:00

Urnietako Kirol Elkarteko futbol atalak joan zen larunbatean egin zuen denboraldi berriko aurkezpen ekitaldia, ohiko duen ekitaldi polita antolatuz. Taldeak eta jokalariak banan bana aurkeztu zituzten, Egape dantza taldekoen saioa eta guzti

Denboraldi osoan zehar etxeko zelai izango duten tokian bertan egin zuten aurkezpen ekitaldia, talde izaera eta urnietar nortasuna indartzeko ekitaldi garrantzitsuan. Herritarren aurrean eta gainerako taldekideen artean, jokalari guztiak protagonista bilakatu ziren. Banan bana izendatu eta taldeko argazkiak atera zituzten, denboraldiari hasiera formala emanez. Kluba eta herria indartzeko ez da ekimen hobeagorik. Aurrerantzean, futbol eskolakoek eta gainerako bederatzi taldeek orduak eta orduak emango dituzte futbol zelaiaren inguruan. 

Bederatzi taldeetatik hiru emakumezkoenak dira. Pozgarria da, gainera, jokalari eta prestatzaileen artean emakumeen presentziak goruntz egiten duela ikustea. 

Egape dantza taldearen agurra 

Ekitaldi dotorea izaten da, Andoaingo Euskalduna klubean ikusten ez dena. Klubak, gainera, jokalariei denboraldia hasi aurretik esker ona eta gorazarrea egiten die Egape dantza taldeko kideen saioarekin. Egoi Lizaso, Laura Caballero, Nora Agirre, Joana Caballero, Kimetz Cabanillas eta Estitxu Perez dantzari txikiak aritu ziren, futbol taldeen aurkezpen ekitaldiari dizdira gehiago emanez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!