Auzo guztiak garaile irten dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 13a, 02:00

Buruntza auzoko taldeak eskuratu zuen Andoaingo auzoen arteko herri kirolen ligako txapela. Giro aparta egon zen Sorabillan jokatu ziren proba ezberdinetan. Txapela Buruntzan geratu bada, auzoak eta oro har Andoain garaile irten dira.

Aurtengo Santakrutzetan abiatu zen auzoen arteko ligaska, eta geroztik beste lau kirol saio gehiago antolatu dituzte Etxeberrietako jaietan, Goiburuko jaietan, Buruntzako jaietan eta Sorabillako jaietan. Bost taldeek proba ugaritan neurtu dituzte indarrak: sega, harria jasotzen, txinga, ingudea, arrauna (ergometroa), pilota-txokotara eskuz eta palaz, gurpila arrastaka, toka, zaku-karrera eta pirrinka.

Proba guztiak amaituta, Buruntza auzoa izan da irabazlea, baina oro har auzo guztiak garaile atera direla esan daiteke.  Auzotarren arteko loturak indartzeko ariketa aberasgarria izan da. Baita auzoen arteko harremanak sendotzeko ere. Oro har, aurtengo auzoen arteko herri kirol jaialdiarekin Andoain herria irabazle izan da.

Zein izan da Buruntzakoen sekretua? Zehazki, Mikel eta Jon Jauregi anaiek erakutsitako abilezia eta indarra–segan zein harria jasotzen–. Liga irabazteko erabakiorrak izan dira.  

Aurtengo arrakasta ikusita, etorkizuna duen ekimena da

Ez dago zalantzarik arrakastatsua gertatu dela auzoen arteko herri kirolen liga. Lehenbiziko aldiz jokatu da aurten, eta partaidetzaren eta publikoaren aldetik jaso duen erantzuna ikusita, datorren urtean ere segida izango du txapelketak.

Erronka ez da nolanahikoa izango, lehia aurrera eramateko antolakuntza mailako hainbat alderdi hobetu beharko direlako. Halaber, jaiak antolatzen dituzten beste bi auzoak (Karrika eta Kaletxiki) lehiara batzeko saiakera ere egin beharko da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!