Etorkizunari begira, indarrez eta ideia freskoak dituen jendea agertuko den itxaropena adierazi zuten, adierazpen berean.
Bereziki hunkigarria gertatu zen zikiro jatea. Antolaketa uzteko iragarpenaz gain, bi pertsona gogoan hartu baitzituzten; batetik, ekainaren 26an zendu zen Cesar Godoy auzotarra, jaietan kolaboratzaile fina izan zelako. Eta bestetik, Julian Lopez; hamabost urte luzetan antolakuntza taldean dinamizatzaile nagusia izan delako. Eskerrak eman zizkioten horrexegatik. Adierazpenekin batera, oroigarri bana jaso zuten Godoyren familiak eta Julian Lopezek.
Bikaina izan da eguraldia, eta kale giroan ospatzeko moduko jaiak izan dira. Lehen egunean, Iturzaeta memorialeko palako partidekin eta Araoz abesbatzaren kontzertuarekin eman zieten hasiera jaiei, eta beti bezain arrakastatsua izaten den zikiro jatearekin amaitu zen eguna.
Larunbatean, korrikalariek Belkoaingo mendi lasterketan gorputza ondo astindu ostean, auzoko zaharrenak hamaiketako gozoan bildu ziren, Koruko Ama Birjinaren eguneko ohiturari jarraituz. Arratsaldetik aurrera, haur antzerkiak, sardina-jateak eta Alaiki taldearekin dantzaldiak auzoko plazara jende mordoa erakarri zuen.
Igandean, azkenik, Joxe Mari Oiartzabal musikariari eskainitako omenaldi ekitaldiak bete zuen goiza. Arratsaldean, berriz, auzoen arteko herri kirolen ligaren txanda heldu zen; aparteko ikusmina sortu zuen indar neurketak, eta lehia biziko lau proba ikusi ostean, bertaratutako guztiek sagardo dastaketarekin jai giroaz gozatzen jarraitu zuten.