PSE-EE alderdia, herriko parkeen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 10a, 02:00

Villabonako udalean PSE-EE alderdiak duen ordezkariak, Maria Luisa Arijak, prentsa oharra igorri du herriko parke eta jolasguneen inguruan: 

Maria Luisa Arijaren iritziz, “ezinbestekoa” da Villabonako haurrek estalitako jolas-gune bat edukitzea

Villabonako Udaleko bozeramale den Maria Luisa Arija sozialistak aipatu du “ezinbestekoa” dela herriak estalitako jolas-gunea izatea. Oso ondo baloratu ditu udal gobernuak egin dituen birgaitze eta eraberritze lanak, baina “ulergaitza” iruditzen zaio gobernu taldearen helburuen barne ez egotea eguraldi euritsua dagoenean haurrek jolastoki estalia edukitzea.

Komunikatu bidez gogorarazi dio EAJ-ren gobernu taldeari bere garaian PSE-EE alderdiarekin hitzartutakoa: Parke estalia kokatzeko toki egokiena zein zen zehaztuko zuen estudio bat egingo zutela, egungo parkeak estaltzea oso garestia delako. Hala ere, ez dugu ikusten emandako hitza betetzeko asmorik.

Arijak azaldu duenez, uler dezake estalitako parke bat egiteak kostuak igo ditzakeela, baina azpimarratu du beti dagoela beste aukera bat. Zentzu honetan, eta EAJ-ren udal gobernuak lan horiek egitea ezinezkoa dela irizten badio, aukera bat izan daiteke eguraldi hotza edo euritsua denean “behintzat” kiroldegiko gela bat erabiltzea ludoteka gisa.

Azaldu duenez, sozialistentzat erabakirik egokiena litzateke parkea egiteko toki berria bilatzea edo Larreako estaltzea, herriko parkerik erabilienetakoa delako. Zentzu horretan, 2019ko aurrekontuen proiekturako prozesuan hala eskatuko duela jakinarazi du.

Bere iritziz, eguraldi txarra denean busti gabe jolasean aritzeko eta babesean egoteko tokia eskatzen duten guraso eta zaintzaileei erantzuna eman behar zaie. “Haur- parkeak hobetzea da helburua, urte osoan zehar haurrek haietan gozatzeko aukera izan dezaten, eguraldiak, eta bereziki euriak trabarik egin gabe”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!