Auzoen arteko herri kirol lehiaketan ari da jokatzen azken azken hilabeteetan Andoainen. Sorabillako jaietan erabakiko da aurtengo irabazlea. Lau kirol jarriko dira lehian Sorabillako plazan: sokatira, txingak, txingak, txokotara frontoian (eskuz zein palaz) eta zaku karrera (15 kiloko zakua). Proba horietan erabakiko da aurtengo irabazlea; 500 euroko saria dago jokoan.
Auzoz auzo herri kirolen lehia antolatzeko erronkari heldu zioten jai batzordeek urte hasieran. Hiru helburu jarri zituzten orduan, etorkizunari begira: auzoen arteko harremanak areagotzea, auzoetako jaiak indartzea eta herri kirolak zabaltzea. Bada, hirurak ere nahiko txukun betetzen ari dira. Bost auzo izan dira lehiaketan parte hartzera animatu direnak: Santa Krutz, Etxeberrieta, Goiburu, Buruntza eta Sorabilla. Partaideek hainbat probatan neurtu behar izan dituzte indarrak: arrauna (ergometroa), sega, harri-jasotzea, trontza, sokatira, txirrinka...
Antolatzaileak pozik dira orain arteko saioetan eman den parte hartzeagatik eta sortu den giroagatik. Izan ere, kontutan hartu behar da auzoetako jaiak, kasu gehienetan, opor garaian izaten direla eta zenbait proba ez direla oso errazak gertatu hasiberrientzat (sega, harri-jasotzea, txingak...).
Aurreneko aldia izan da Andoainen antolatzen dela antzeko lehiaketa, eta orain arteko emaitzak ikusita, ez dago zalantzarik datozen urteetan ere jarraipena izango duela.