Araoz emakumeen abesbatza Sorabillan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 7a, 02:00

Easo elkarteko emakumeen Araoz abesbatzako kide da Zaloa Lopez de Munain. Irailaren 7an, ostiralarekin, iluntzeko 19:00etatik aurrera emanaldia eskainiko dute Sorabillako elizan.

Andoainen bizi den algortarra da Zaloa Lopez de Munain. Gorka Mirandaren zuzendaritzpean eta Ana Belen Garcia pianoan dela, emanaldia eskainiko dute Sorabillako jaietan.

Ze motatako kontzertua eskainiko duzue Sorabillan?
Konposatzaile erromantikoen eta euskal folkloreko kantuekin osatutako da emanaldia izango da. Frantsesez eta alemaniarrez gain, euskaraz abestuko dugu, azken piezak Pablo Sorozabalenak dira. Nekez iritsiko da ordebetera. Gomendagarria musikazale guztiontzat!.

Zuek Easo abesbatzako partaideak zarete.
Berez, gaur egun, Easo elkarte bat da eta bere baitan, kantu koralaren mota askotako musika interpretatzen duten abesbatza ezberdinak daude. Izaera amateurreari eusten dio elkarteak, eta bere abesbatzekin genero musikal ezberdinak lantzen ditu. Gurea, emakumeen abesbatza da. Easo Abesbatza aipatuz gero, ulertu behar da gizonezkoen abesbatza dela.

Zer nolako ibilbide egin du Araoz abesbatzak?
2004an jaio zen, eta hasierako urteak gorabeheratsuak izan zituen arren, azken aldian indar handia hartu duen eta egunetik egunera hazten doan abesbatza dela esan daiteke. 40 bat ahotsez osatua dago, nahiko gazteak gara guztiok. Partaide gehienak Donostiakoak dira, baina bagaude bizpahiru kanpokoak; esaterako, Ana Belan Garcia eta biok Andoaingoak gara. Kalitatearen ikuspegitik, gizonezkoen Easo abesbatzaren pare edo gainetik dago. Hori horrela esan daiteke, harrokeria punturik gabe.

Eta zein da zure ibilbidea abesbatzen munduan?
Bizkaian iraganean ospe handia eduki zuen San Anton abesbatzaren eskutik ekin nion bideari. Zenbait operetan parte hartu izan dut harrez gero: Trabiata, Tosca, Figaroren ezkontzak... Opera mota horietan figurante edo aktorea ez ezik, abeslari lanetan aritzea ere egokitu izan zait.
Erantzunkizun berezia eragiten dizu horrek, taula gainean mugitzen jakitea eskatzen baitizu, baina tira, antzerkian ibilitakoa naiz eta gogoko dut.
2001an Antonio Calleja andoaindarra ezagutu nuen Bilbon; opera batean biok parte hartzen ari ginela izan zen, ez parranda batean... Eta horrela, 2012az geroztik Andoainen bizi naiz, Antoniorekin eta haurrarekin familia osatuta. Andoainen bizitzen jarri eta agudo Araoz abesbatzan hasi nintzen, bere zuzendari zen Xalba Rallok eskatuta.

Biak abeslariak izanik, etxean-eta beti abesten irudikatzen zaituztegu...
Etxean maiz hasten gara, berdin zaigu opera izan, Pirritx eta Porrotx edo Gozategiren kanturen bat izan... Bada bizilagun bat hurrengo egunean horixe gogorazten diguna, gu entzunez gozatu egiten duela. Hala ere, etxean bertan daukagu etsairik handiena, seme txikiak isiltzeko agintzen digu...

Proposatuz gero, biek eskuz esku emanaldi berezia emateko prest egongo al zinakete?  
Baldintzak aztertu beharko genituzke baiezkoa esan aurretik, ikaragarrizko errespetua eragiten didan kontua baita. Izan ere, zuzendari baten agindupean eta taldearren babesean kantatzera ohituta nago. Gogoan dut behin, kantu kalejira batean Irunberri elkartean ginela, Antonio eta bioi bikote gisa kantatzea egokitu zaitzaigula, Goizian argia hastian abestiarekin. Bada, bizitza osoan ez dut hainbeste lotsa pasa! Begiak ireki ezinik aritu nintzen kanta osoan! Ohituragatik, operako tonu altu hori egitera jo nuen, kantu kalejirako tonu naturaletik urrun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!