Elbarrenako jaiak 2018

Aurpegi berriak Festa batzordean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 7a, 02:00

Hamalau urte inguruko gazteak gogotsu sartu dira Zizurkilgo Festa batzordean. Proposamen eta ideia berriak ekartzeaz gain, lanerako gogoa badutela erakutsi dute.

Festa batzordean sartu berri diren gazteetako bi dira Maitane Dorronsoro eta Jugatz Urruzola zizurkildarrak. Euren koadrilan, aspalditik izan dute proposamen berriak egiteko gogoa, “eta aurten, Festa batzordean parte hartzea erabaki dugu. 14-15 urte inguruko koadrila handia osatzen dugu, eta beti parte hartu izan dugu Zizurkilgo festetan antolatzen diren hainbat ekitalditan. Beste herrietako festetan ikusten ditugun ekitaldiak gurera ekartzeko gogoa sortzen zitzaigun behin baino gehiagotan, eta aurten, Festa batzordean parte hartzera animatu gara”.

Jaiak, barrutik
Martxoan egin zuten lehen bilera. “Geroztik, astero bildu izan gara. Ekaineko koadrilen eguna antolatzen aritu ginen lehendabizi, eta Elbarrenako festekin hasi ginen ondoren”, azaldu du Maitanek. “Jaiak beste modu batera ikusten hasteko modua eman digu batzordean parte hartzeak. Atzetik dagoen lanaz kontzienteago gara orain”, gaineratu du Jugatzek.
Orain arte, egitaraua etxeko buzoian jaso arte itxaron behar izaten zuten jaietan zein ekitaldi egongo zen jakiteko. Goitik behera aldatu da hori: “Egitaraua osatzeko lanean parte hartu dugu aurten, badakigu zein ekitaldi dagoen egun bakoitzean eta baita zergatik erabaki den horrela egitea ere”, azaldu du Maitanek.

Kolore festa
Irailaren 7ko ur eta kolore festa, esaterako, gazteen proposamena izan zen. “Polita izan zitekeela iruditu zitzaigun. Ur festa egingo dugu lehendabizi, eta parte-hartzaileak busti-busti eginda daudenean, koloretako hautsa botako dugu. Oso ekitaldi polita da, jostagarria”. Festetako ekitaldia iritsi aurretik, froga egin dute gazteek: “Fraisoro aldera joan ginen egun batean. Ederki pasa genuen eta ekitaldia festetan egiteko modukoa zela iruditu zitzaigun. Arropa zuria jantzita joateko gomendioa ere zabaldu dute, “modu horretan koloreak ondo ikusten direlako, bizi-bizi”. Festa amaituta, arropa erraz garbitzen dela ere jakinarazi nahi izan dute.

Jolasak
Beste proposamen potolo bat ere egin nahi izan dute aurtengo festetarako: “Urte batzuk ziren koadrilen bazkariaren ondoren jolasik egiten ez zela. Gu umeak girela egiten ziren, eta gogoan genuen oso giro polita sortzen zela. Jendeak hobeto pasatzen du ekitaldi parte-hartzaileak direnean. Jolasak berreskuratzeko proposamena luzatu genuen, eta aurten, irailaren 8ko bazkariaren ondoren izango dira”, azaldu du Jugatzek.

Inkesta
Herritarren ideiak kontuan hartzeko ahalegin berezia ere egin dute gaztetxoek. “Badakigu Festa batzordean parte hartzen ez duen askok badituela festetarako proposamenak. Horiek jasotzeko asmoz, inkesta bat sortu genuen, eta sare sozial bidez zabaldu. Erantzun asko jaso genituen. Tartean, koadrilen arteko jolasak berreskuratzeko gogoa bazegoela nabarmen geratu zen”, azpimarratu dute.

Lanerako gogoa
Festa Batzordeko bileratan parte hartu dute gazteek, eta lanerako ere badaudela erakutsi dute. “Zumbatoian talo postua jartzeko asmoa dugu. Irailaren 7an berriz, disko festa egingo da Azken Portu auzoan. Aspalditik egon da jaia auzo ezberdinetara zabaltzeko gogoa. Ubaren eta Aurreran egiten dira zenbait ekitaldi, baina Azken Portun ez dago tabernarik eta hori oztopoa da. Horregatik, barratxo bat jarriko dugu, pintxo batzuk jan eta zerbait hartzeko aukera emateko".

Gazteei gonbita
“Festak ez dira ezerezetik sortzen. Lan handia dago atzean, eta hori egin ezean, ez legoke festarik. Gazteei Festa batzordean parte hartzeko esan nahi diegu, oso giro ona egoten da eta merezi du gerturatzea”, azpimarratu dute bi gazteek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!