Gustura da Iturria urnietarra (26 urte) Salamancako hotelean, eguneko entrenamendu arina hasi aurretik. Vueltako lehen atseden egunean lehen hamar egunetako balantzea egiteko eskatuta, konforme agertu da: “Orokorrean gustura nago. Jakina, taldeak garaipenen bat lortu izan balu, askoz hobeto, baina txukun ari garela esango nuke”. Bero ikaragarria pasa dute, eta ondorioz, majo sufritu: “Lehen bi egunetan ikaragarria izan zen. Gorputza erabat hustuta uzten dizu, eta erritmoa igotzen, edo estutzen saiatzen zarenean, ezinean geratzen zara”.
Izan omen dituzte egunak, non 5-6 ordu 40 graduko tenperaturarekin egin dituzten: “Etapa osoa, eta gero bizpahiru gehiago ostaturaino… Agobiatuta bukatzen duzu eguna, zauden tokian zaudela bero handia egiten duelako”. Hainbesterako izan da, Iturriak euria bera bota duela faltan: “Bai, asko. Errepidea beti da arriskutsuago bustita dagoenean, baina euriak freskura dakar berarekin, eta egunen batean tantaren batzuk bota izan balitu asko poztuko nintzateke”. Familia eta ezagunak ere faltan bota ditu, “baina igandean La Covatillan egon ziren, familia eta koadrilako lagun batzuk, eta indarberritu naiz”.
Euskadi-Murias taldea protagonista izan da lehen egun hauetan. Egunero-egunero sartu da arrakasta izan duen ihesaldian, etapa batean izan ezik, eta hori bere neurrian baloratu behar dela dio Iturriak: “Korritu dugun beste edozein itzulitan baina zailagoa da, Vueltan, ihesaldia harrapatzea, hemen asko ziklista onak direlako. Nabarmentzea funtsezkoa da guretzat, eta lortzen ari gara”. Bestelakoan ez du erritmo aldaketa handi-handirik sumatu: “Astebeteko beste itzuli batzuetan aritu izan gara, eta horietatik dagoeneko badakigu mendateak hurbiltzen direnean-eta, erritmoa asko handitzen dela. Ondo moldatu naiz”.
Iturria bera Roquetas de Mar herrian bukatu zen etapako ihesaldian sartu zen: “Beranduen gauzatu zen eguna izan zen. 50-60 kilometro ibili ginen egurrean, eta azkenean sartu nintzen. Sartzeko indarra eduki behar duzu, denek sartu nahi zutelako. Hogei lagun pasa sartu ginen, izen ezagun asko eta puntutxo bat falta izan zitzaidan onenekin helmugaratzeko –15. postuan helmugaratu zen, azkenean–”. Edu Prades taldekideak Pozo Alconen lortu zuen 4. postua ere oso ona dela uste du Iturriak: “Begira zein txirrindulari sartu ziren aurretik (Valverde, Sagan eta Gallopin)”. Taldearen lana ondo baloratzen dela uste du: “Gure lehen itzuli handia da, eta momentuz oso txukun ari garela uste dut. Sailkapen nagusirako ez daukagu ziklistarik, baina ihesaldietan-eta oso ondo ari gara”.
Asteburuko etapak begiz jota
Itzuli handi batek hiru aste ditu. Bat osatu dute. Eta Iturria ondo sentitzen da bigarrenari begira. Hirugarrenaz galdetuta, ezin du erantzunik eman: “Inkognita bat da niretzat, inoiz ez baitut hiru asteko probarik korritu inoiz. 10-12 egunekoak bai, eta horrek konfiantza ematen dit bigarren asterako”. Iturriak hainbat etapa ditu begiz jota, batez ere asteburukoak: “Hirurak mendatean bukatzen dira, baina tropela ihesaldiak iritsi ahal izateko baimena ematen ari da. Nekea pilatuz doa pixkanaka, eta ihesaldia harrapatzen saiatuko naiz, ea pasa den asteko 15. postu hori hobetzeko aukera daukadan”.
Camperona, Les Praeres eta Covadongako Aintzirak dira hiru etapa bukaera horiek. Detaile txikiez mintzatzen da Iturria: “Ihesaldian sartzeko gaitasuna behar da aurrena, eta ondoren ahalik eta indar handiena gorde, aurkariak aztertu, eta erabaki zuzena hartu, indarra edukiz gero. Garaipenaren jokoan sartzea zaila da oso, baina postu on bat egitea posible da”. Itxuraz, beroa apaldu egingo da nabarmen hurrengo egunetan, Vueltak iparrerantz egin ahala. Trumoi giroa nagusituko omen da asteazkenetik aurrera, eta hori gustura hartuko dute Euskadi-Murias taldeko kideek: “Zalantzarik ez. Gu beste klima batekin ohituak gaude, eta hori baliatzen asmatu behar dugu”.
Asteburuko etapen ondoren aukerak asko urrituko dira. Erlojupekoa, Madrileko eta Andorrako etapa… Ez zaizkie aukera asko geratuko.
Orain arte eduki duen zorte onak bere horretan irauteko ahalegina egingo du Iturriak, ez baitu erorikorik jasan: “Susto batzuk izan ditugu, baina momentuz erorketarik ez. Ea antzera segitzen dugun”. Hala bedi!