Euskara ikastea, apustu segurua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 6a, 02:00

Buruntzaldeko udalek euskaltegietako matrikulak ordaintzeko diru laguntzak ematen dituzte, euskara ikastea bultzatzeko. Ikasleari ia dohain atera dakioke ikastaroa. Gainera, eskaintza zabala dago eskualdean. Iaz 1.000 ikasle inguru izan zituzten

Hizkuntza bat ikasteak ahalegin handia eskatzen du. Hizkuntza edozein dela ere, ikasleek dedikazio eta denbora eskaini behar diote zeregin horri. Baina ematen ditu gero bere fruituak. Batez ere, euskara bada ikasten den hizkuntza hori. Izan ere, Buruntzaldeko euskaltegiek euskara maila guztietan ikasteko eta praktikan jartzeko aukera eskaintzen dute. Eskualdeko udalen helburua matrikulazioak bultzatzea da, eta, horretarako, diru-laguntza sortak eskaintzen dituzte. Gainera, laguntza horiek HABEk ematen dituenarekin bateragarriak dira. Horrenbestez, Buruntzaldeako herritarrei ia doakoa atera dakieke ikastaroa; apustu segurua da euskara ikastea.

Ikasturtea hastera doa. Aurrekoan, 2016-2017koan, 946 ikasle aritu ziren euskaraz ikasten Buruntzaldeko euskaltegiren batean. Eskualdeko Euskara Zerbitzuen helburua ikasle gehiago izatea da, eta joan den ikasturterako helburu argia jarri zuten: 1.000 ikasletara iristea.

Artean izen-ematea itxi gabe da, eta, beraz, irail amaiera arte ezingo dira matrikulazioen behin betiko datuak jakin. Edonola ere, orain arte bildutako datuei erreparatuta, baikor agertu dira eskualdeko euskara teknikariak. Udarako ikastaroen datuen faltan, matrikulazio gutxi batzuk behar dira muga hori gainditzeko.
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek ematen dituzte diru laguntzak euskara ikasteagatik. Halere, herri bakoitzean laguntza horiek jasotzeko baldintzak eta diruz lagundutako kopuruak desberdinak dira. Baina badira ezaugarri komun batzuk. Esaterako, gutxieneko asistentzia bete behar da, eta erroldatuta egon behar da herrian bertan. Langabetuei are laguntza handiagoak ematen dizkiete; %100 kasu batzuetan, 664 euro arteko mugapean.

Horrez gainera, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak ere laguntzak ematen ditu. 2018. urtean 1.800.000 euro emango ditu, eskatzaileen artean banatzeko. Ondokoak dira baldintzak: batetik, 2017ko martxoaren 17tik 2018ko abuztuaren 31ra euskaltegi edo euskararen zentro homologatu batean matrikulatuta egon beharko da; bestetik, 2017/2018 ikasturtean HABEren maila bat edo baliokideren bat egiaztatu beharko da. Diru-laguntza horiek jasotzeko eskabidea 2018ko irailetik aurrera egin daiteke.

Ikasleak
Ikasle ugari animatu dituzte  laguntzek euskaltegietan izena ematera. Baina beste motibazio ugari ere badituzte ikasle horiek: lana bilatzea, galdutako hizkuntza berreskuratzea, jakin- mina...
Esaterako, Edurne Arnaiz aurten ere animatu da euskaltegira. "Niregatik apuntatu nintzen; euskara ikasi nahi dut,  Euskal Herrian bizi naizelako". Badaki baliagarria izango zaiola lana bilatzerako orduan, administrazio publikoan, adibidez.

Gainera, hasieran uste zuenaren kontra, ez du uste hizkuntza zaila denik. "Ulertzeko ez da batere zaila. Hitz egitea kostatzen da, beste hizkuntzetan bezala".

Ez da zailagoa
Maialen Heras, berriz, hirugarren profilerako azterketa prestatzen ari da. Euskaraz badaki, euskaldun zaharra da, baina euskararen gaitasun agiria behar du lanerako. "Bai, euskaltegian asko ikasten da, baina nik hobetzeko gehiago irakurri beharko nuke". Haren ustez, euskara ez da beste hizkuntzak baino zailagoa. Ingelesarekin alderatu du. "Niri ingelera egiten zait zailagoa".

Ekaina bukaera izaten da azterketa garaia, eta uda iritsi ahala hasten dira ikasleak ikasitakoa errepasatzen. Almudena Carvajal da horietako bat. "Betidanik izan dut ikasteko gogoa. Txikitan zerbait ikasi nuen, baina sakondu nahi dut". Helburu bikoitza du: batetik, txikitan ikasitakoa berreskuratzea. Baina oposaketak prestatzen ari da, eta, horrenbestez, ongi etortzen zaio euskararen ziurtagiria eskuratzea. Sonia Garcia harekin ibili da euskaltegian: "Oso gustura ikasi dugu, primeran moldatzen gara irakaslearekin. Kalean ikasten duguna osatzen dugu euskaltegian".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!