Emanaldi berezia, irailaren 23an

Zuzeneko musika klasikoaz gozatzeko aukera paregabea izango da Larraulen, irailaren 23an; Vivaldiren lau urtaroak, puntako musikarien eskutik eta euskal musika tresnak uztartuz

Emanaldi berezia izango da irailaren 23koa; ekitaldi handia eta bakarra. Zuberoan jaiotako ekimena, lehen aldiz eskainiko dute hegoaldean. Vivaldiren lau urtaroak eskainiko dituzte, euskal musika tresnen doinuak uztartuta.

Euskal musika tresnak

“Lau sasuak” izenburua du emanaldiak, eta maila bikaineko musikariek eskainia da. Irailaren 23ko emanaldian, Lyon, Bordele eta Baionako orkestretan jotzen duten instrumentistak ariko dira Larraulgo elizan. Saioaren ardatza musika barrokoa izango da, baina arestian aipatu bezala, berezitasun handi bat ere izango du saioak. Izan ere, euskal musika tresnak ere txertatuko baituzte: txalaparta, ttunttuna, txirula, zintzarriak, panderoa.., baita euskarazko hitzak ere.

Arranoa laukoteko musikariak, Stéphane Rougier bakarlaria, Mixel Etxekopar, Patrik Larralde, Paxkalin Chabagno eta Paxkal Indo musikariak elkartzen dira Lau sasuak emanaldiaren baitan. Eurek txertatzen dituzte euskal musika tresnak, eta baita euskarazko narrazio laburrak ere. Hegoaldean, lehen aldiz izango da emanaldiaz gozatzeko aukera.

Zuberoan ernatua

Zuberoan jaio zen Lau sasuak. Hantxe ernatu zen musika klasikoa eta euskal musika tresna tradizionalak elkartzeko ekimena. Euskara ere txertatu dute lanean. Iaz, lotura polita sortu zen Aiztondo eta Zuberoaren artean. Maiatzean, Maskarada jokatu zen Larraulgo plazan. Maskaradak ekarri zuen elkartruke eta elkarlan horrek, giro berezia sorrarazi zuen, eta baita ekimen gehiago antolatzen jarraitzeko gogoa piztu ere. Harreman horren fruitua da Lau sasuak emanaldia Larraulen eskaintzeko aukera.

Kalitate handikoa

Larraulgo Kultur taldeak ahalegin berezia egin du kalitate eta maila goreneko emanaldia herrira ekarri ahal izateko. Izan ere, kostu ekonomiko handia eskatzen baitu. Enpresa eta eragile probatu askoren ateak jo ondoren, lortu dute beharrezko babes ekonomikoa, eta horrek ahalbidetuko du irailaren 23ko kontzertu handia.

Sarrerak

Larraulgo elizan eskainiko dute kontzertua, irailaren 23ko arratsaldeko 19:30etan hasita. Sarrerak salgai jarriko dituzte aldez aurretik, Larraulgo liburutegian, sei euroren truke eta erretserba egiteko aukera ere zabalik egongo da, 634 289 327 telefono zenbakira deituz.

Gida

Kontzertura hurbiltzen direnen eskura, interpretazio-gida jarriko dute gerturatzen direnen eskura. Kontzertua osatzen duten mugimendu guztiak ahalik eta ondoen jarraituz, ondo bizi eta sentitu ahal izateko. Natura eta gizakiaren sentsazio, aldaketa eta bizipenak musika bidez sentitzeko aukera emango du irailaren 23ko kontzertuak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!