Elbarrenako jaiak 2018

Zizurkilgo txupinazoa emakumeen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 5a, 02:00

“Txupinazoaren bidez, isil-isilean, inongo erantzunen esperoan egon gabe lan egiten duen orori egingo diogu omenaldia". Aizpea Zabala eta Matti Navas, besteak beste, jaien hasierako txupinazoaz arduratuko direnak.

Elkarrizketa:

Jai batzordean parte hartu duten eta parte hartzen ari diren emakumeek botako duzue aurtengo txupinazoa. Zer dela eta?

Matti: Moduren batean azken urte hauetan zehar herriko jaiak antolatzen ibili diren emakumeei omenalditxo bat egin nahi genien eta horrela sortu zen ideia. 

Aizpea: Txupinazo honekin, Jai batzordean parte hartu duten eta izan duten emakume guztiak omendu nahi ditugu. Zaila da guztiekin harremanetan jartzea, baina ahaleginak egiten ari gara guzti-guztiak identifikatzeko. Oholtzara igoko ez diren emakume parte-hartzaileak ere omenduko ditugu. 

Omenaldiak festetan egingo den beste ekintzaren batekin zerikusia izango al du?

Matti: Ez, txupinazoa lehen koadrilaka botatzen zen eta badira lauzpabost urte txupinazoa pertsona zehatz batzuei botatzeko eskaera egiten zaiela. Urte guztian zehar txupinazoa bota duen pertsona, elkarte edo dena delakoak aginte makila deitzen diogun lekukoa gordetzen du eta hurrengo urtean txupinazoa botako duenari pasatzen dio.  Egia da aurten oholtza gainean egongo garenak emakumeak izango garelarik, aginte makilarena ez zaidala aproposena iruditzen. Gu errepresentatzen gaituen irudia zaintza lana izango litzatekeelako. Iruditzen zait jaietan ematen diren lan horiek gabe, jaiak ez liratekeela aurrera aterako. Adibidez, gaupasa egin ondoren etxera joan, eta norbaitek ez balu janaria prestatuko edo arropa garbituko, ez legoke festarik. Nolabait agintea egon badagoelako, baina zaintza lan hori gabe aginterik ez legokelako.

Aizpea: Eta borroka. Pentsatzen jartzen bagara, azken urte hauetako Festa batzordeko gehienak emakumeak gara eta hori ez da plazan isladatzen.  

Pertsonalki zer da zuentzako txupinazoa botatzea?

Aizpea: Ni hunkitu egiten naiz. Omenduko ditugun emakumeek benetazko aitorpen bat behar dutela esango nuke. Isil isilean inongo erantzunen esperoan lan egiten duen orori egiten baitiogu omenaldia txupinazo honekin. Herriari asko eman dion jendea dago multzo horretan.

Matti: Nik ez dut zalantzarik. Nabaritzen dut jaietako diskurtsoa aldatzen ari dela, baina jarrerak ez horrenbeste. Niri ez litzaidake hau guztia omenaldi xume batean geratzea gustatuko, orain da jarrerak aldatzen hasteko unea. 

Programari dagokionean, aurten ba al dago berrikuntzarik?

Matti: Bai, oraindik festak ez ziren ere, emakumeen errugbi-a ikusteko aukera izan zen jaien atarian. 

Aizpea: Horrez gain, goitiberak, gaztetxoen DJ-a,... Gainera, festen ostean, ekintzetara gerturatu den jendearen azterketa egitea ere pentsatu dugu. Hau gehienbat, genero eta adinaren aldetik izango da. Datorren urtera begira, ekintzen inguruko balorazio bat egiteko alegia. 

Nori zuzendutako egitaraua egiten saiatu zarete?

Matti: Oso zaila da jaietako egitarau feminista egitea. Oso ondo baitago errugbian jolasten duten emakumeak ikustea, baina nik herriko mutilek parte hartuko luketen ballet erakustaldi bat gustura ikusiko nuke. Errugbiarekin batera herriko emakumeentzako entrenamentuak baitaude. Emakumeok gizonezkoen mundura jo behar dugu, errugbira, boteredun kirolera.

Alderantzizkoa denean ordea mutilek bazterketa jasaten dute; gimnastika erritmikoan adibidez. Horretaz, ordea, ez da hitz egiten. Beraz, mutilak “neskenak” diren kiroletan parte hartzera ere animatu nahiko nituzke. “Gizonezkoen” kirolean ibiltzen diren emakumeen erakustaldiak ez ezik “emakumezkoenak” bezala mugatu diren kiroletan mutilak ikustea ondo legokelako. 

Kontzertuetan normalean apustu handia egiten duzue, ezta?

Aizpea: Saiatzen gara gazteen gustuko taldeak ekartzen eta aipatu beharra daukat bertan asko nabaritzen dela bizitzen ari garen belaunaldi aldaketa. Askotan gure adineko jendeak ez baitaki orain puri-purian dauden taldeen berri. Horregatik, aurten 14-15 urte bitarteko koadrila bat hasi da bileretara etortzen eta beharrezkoa dela iruditzen zait. Beraien ikuspuntua ezinbestekoa baita guztiontzako festak antolatzeko garaian. 

Zer esango zeniekete herritarrei herriko ekintzatan parte hartzera anima daitezen?

Aizpea: Guztion parte-hartzearekin festak politagoak direla esango nieke. Guztiok dugula festetan ondo pasatzeko eskubidea, beraz, jarrerak ere horrelakoak izan daitezela. 

Matti: Nik bereziki emakumezkoei egingo nieke deia. Plaza eta espazioa guztiona baita, eta espazioa hartzen erakutsi ez digutenez plaza gureganatzen ikasi behar dugula. Jaiak ondo pasatzeko direla, dantzatzeko, jolasetan parte hartzeko eta lotsak etxean utziz, benetan disfrutatzen hasteko. 

Askotan amestu dut bakoitza den bezalakoa izan daitekeen jaiekin, zer esango dutenaren beldurrik gabe, libre. Festa hauek dira horretan hasteko momentu polita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!