Julian Etxabe, Kaletxiki bihotzean daraman iruindarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 5a, 02:00

Julian Etxabek aitaren batean konta ditzake garai bateko Kaletxiki eta kaletxikitarrei buruzko makina bat gorabehera. Andoainen errotzen zaizkio oroitzapenak.

Julian Etxabe Sarasola Andoainen jaio zen 1931n eta bertan hezi zen, harik eta 1972an Iruñera bizitzera joan zen arte, hango alaba den Maria Angeles Aldaberekin ezkondu eta gero. Aitortzen duenez, Andoaingo oroitzapenak, txuri beltzeko argazkiez jantzita, gainezka etortzen zaizkio Nafarroako hiriburuan; Kaletxiki auzokoak dira argazki horiek, batik bat. Mintzakide bikaina da Etxabe, eta berarekin tertulian 40, 50 edo 60ko hamarkadetako Andoain hizpide jarriz gero, aitaren batean botako dizkizu aipamen ugari: herritarrak eta familiak, gertaerak, ohiturak, pasadizoak, festak, kirolak...

Orduko oroimenak ia ukitu gabe dauzka buru-artxiboan. Penarik handia, zerak ematen dio: Andoaindik eraman zuen euskara ezin duela nahi adina praktikatu. “Iruñera etorri eta inguruan guztiak, familia, lagunak..., denak erdaldunak zirenez, muzin egin behar izan nion haurtzaroan jasotako euskarari. Nolanahi ere, nola diren gauzak! Andoaingo neska gazte bat, Amaia Lasa, bizilagun izatea egokitu zitzaigun orain urte asko ez dela, eta ez dakizu nola egoten nintzen deseatzen eskaileretan berarekin topo egiteko, euskaraz aritzeko!”.

Iruñera joan zenean hidraulikako lantegi bat sortu zuen bazkide batekin, eta han sortutako ardurek eragotzi egin zioten nahi beste Andoainera hurbildu eta lagun zaharrekin egotea. Gogoan daukanez, orain hamabost bat urte, autoa hartu eta Kaletxikiko jaietara hurbildu zen. “Bazter batean jarri nintzen nor suma. Halako batean, hor azaltzen dira Jose Cruz Aizpurua, Jose Garmendia, Gaspar Zalakain... beren emazteekin! Hura izan zen egundoko poza niretzat!”.

Antzeko eszenak bizitzeko aukerak aspalditxo bukatu zitzaizkion, hala ere; izan ere, gazte garaiko kuadrillako gehien-gehienak joanak baitzaizkio. Berriro gaztaroko auzoan azaldu izan den bakanetan, lagunen seme-alabekin baino ez da topatu izan.

Ontzako argazkian, Ruiz ziklistarekin

Joan den uztailean, jaioterrira itzultzeko kapritxoa zeukala-eta, familia Kaletxikira ekarri zuen. Ontza elkartean sartu bezain pronto, bertan zintzilikatuta dauden argazki mitiko horietako bati erreparatu zioten bere seme-alabek. “Aita ageri da kuadrilla horretan” esan zioten elkarri harrituta. “50eko hamarkada hasierakoa da”, berak argitzen du. “Bernardo Ruiz, Orihuelako (Alacant) ziklista famatua Kaletxikira gonbidatu genuen, Tolosan lasterketa bat zeukala probestuz. Hil berria den Pedro Aizpurua kaletxikitarra Orihuelako Katedraleko Kalonje-Maisua zen orduan, eta haren bitartekaritzari esker lortu genuen etor zedin. Bikaina zen ziklista, idoloa bi gurpilen zaletu askorentzat; Espainiako itzulia irabazia zuen eta Tourrean ere hirugarren geratua zen”.
 


{{IMG-41658}}
Lagun-kuadrilla Bernardo Ruizekin 50eko hamarkadaren lehen urtetan, Berrozpe parean. Zutik: Tomas Oiartzun, Julian Etxabe, Inazio Oiartzun, Jose Cruz Aizpurua, ezezaguna, Benigno Etxezortu, Martin Lasarte, Bernardo Ruiz, Juanito Etxezortu, Fernando Aizpurua, ezezaguna, eta, Juan Mari Goikoetxea. Makurtuta: Migel Mari Urrutia, Joxe Inazio Garmendia, Ramon Zalakain, Joakin Esnal, ezezaguna eta Manuel Olazabal.


Biziera, ez zenean konplikatua

Julian Etxabe Renfeko geltoki inguruan bizilekua zeukan familiaren altzoan jaio zen. Lau senide izan ziren etxe hartan: Pako, Dionisia, Alfonsi eta Julian. Aita, Julian 14 hilabeteko haurra zenean hil zitzaien, eta horrenbestez, amak, Maria Sarasolak, lan franko egin behar izan zuen Kaletxikin zeukan arrandegian, familia aurrera ateratzeko. Nolanahi ere, familiaren zama arintzeko, Bazkardon bizi ziren Juanita Etxabe eta Julian Sarasolak Julian mutikotan etxean hartu zuten, hezteko. Bazkardo eta Kaletxiki auzuneen artean hazi zen Julian hortaz. “Bazkardo lau bat etxek osatzen zuten bakarrik, eta ez pentsa oraingo trafikorik egoten zenik. Egin kontu, makina bat alditan aritu izan ginen jolasean errepide horretan, hormaren kontra pilotan edo beste edozertan. Gogoratzen naiz, adibidez, 40eko lehen urtetan bazterrera erretiratu behar izaten genuela bakar-bakarrik nazi alemaniarrak beren motor sidecarrekin igarotzen zirenean”.   

Kaletxiki izan zen Julianentzat sozializatzeko espazio naturala. “Kaletxikira arrimatzen ginen ahal genuen guztietan, han zegoelako giza bizitasuna, han geneuzkalako lagunak. Barreak egiteko eta zoriontsu izateko, ez genuen beste inora joan behar izaten. Oso gutxitan hartzen genuen herrirako bidea Kaletxiki utzita, Euskaldunako entrenamenduetara joateko, edo txikiteoan aritzeko, oso tarteka”.

Ikuskizuna eta festa, auzoan bertan ziurtatua zeukatela dio Julianek. “Nahikoak ginen kaletxikitarrok ondo pasatzeko, internetaren edo telebistaren premiarik gabe, orain ez bezala”. Umilagoak eta ase errazagoak baikinen; nahikoa izaten zen irudimena pixka bat lantzea, eta xelebrekerietarako gogoa edukitzea… Igandetan, esaterako, Buruntzan bazen baserritar bat, eguerdiko meza entzun, tabernan baxoerdiren bat edan, eta aulkiak hortzekin altxatzen hasten zena. Hari begira, zer gehiago behar zen? Maiz, erdi txantxetan norgehiagoka hasi hizketan, eta azkenean Bazkardotik Kaletxikirako errepidean korrika apusturen batean bukatzea, ez zen harritzekoa izaten. Horien artean, Martin Lasartek eta Ruizek behin egin zutena aipatuko nuke: dirua jokoan, bide bazterrak jendez gainezka jarri ziren egun hartan”.

Afari legeak kantuekin amaitzea ere, gogokoa izaten zuten. “Gogoangarriak ziren, Ameriketan zesta-puntan zebilen Tomas Oiartzun itzultzen zenean, hark ematen zizkigun kantu mexikarren errezitaldi bikainak Ontza elkartean”.

Belaunaldi pribilegiatuko kidea

Esan ohi da Julianen belaunaldiak arlo guztietan ezagutu izan dituen aldaketak (aurrerapen teknologikoekin hasi eta aisialdiko aukerekin segituz), bere aurrekoek milaka urtetan ezagutu dituztenen pareko edo handiagoak izan direla. Halako ustea du Julian berak, eta tarteka gogo bizia etortzen zaio idatzita uzteko bizipen guzti hori.

“Iruñean sortu genuen hidraulika arloko lantegia zela eta, aspaldi, teknologia berrien erakusketara Bordelera joatea egokitu zitzaidan. Besteak beste, ehun tornuen eginkizun berbera egiten zuen makina bat, edota, faxa aurkeztu zizkiguten han. Iraultzaileak izan ziren orduan! Faxa non geratu da, ordea, gaur egun? Izan ere, ezagutzen duguna atzeratua uzten duen iraultza berri bat asmatzen ari dira etengabe. A ze eromena! Horrela, XX. mendearen lehen hamarkadetan jaio garenok, pribilegiatu batzuk gara, iraultzaz iraultza doan lasterketa horren lekukoak garelako. Gustura jarriko nintzateke nire begiekin ikusi dudan eboluzio guzti hori hitzez deskribatzen. Baina interneta ez dut menperatzen, eta iruditzen zait garrantzitsua dela halako egitasmo baterako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!