Irailaren 12an egingo du Elkarbizi taldeak 2018rako antolatu duen programaren hirugarren ikastaroa. “Indarkeria eta kontaera literarioa” izango dute hizpide ekitaldi berri honen baitan. Hizlaria Ramon Saizarbitoria idazlea izango da, bere zenbait liburuetan -Ehun metro edo Martutene aipa ditzakegu- indarkeriaren errealitateari hurreratu zaion autorea.
Indarkeria politikoaren aroa ulertzeko eta memoria osatzeko orduan narrazio literarioak hartu dezakeen funtzioa aztertzea izango litzateke ikastaro honen helburua. Saizarbitoriaren iritziz, indarkeriaren errelatoa egitearen obligazio nagusia historialarien esku utzi beharko litzateke, oinarrizko gertakarien inguruko adostasun bat lortu dezaten. Bere ustez, “badaude gertaera ukaezinak, edonondik begiratuta ere, hamarkadetan ETAk euskal gizarteari entzungor egin zionez gero, honek hari indarkeria gelditzeko argi eta garbi eskatzen zionean, erakunde armadunak sorrarazitako sufrimendua guztiz alferrikakoa zela eta beraz ez zuela existitu behar, eta orbana bihurtu dela abertzaletasunaren historia duinaren baitan”. Bide beretik, Saizarbitoriak dio “literaturak balio du zenbait auzi azaleratzeko, ñabardurak erakusteko, alderdi subjektiboak aztertzeko, sentimenduak birsortzeko, kontakizun historikoa osatu eta adibidez adierazteko, azken batean”.
Parte hartzeko plazak mugatuak direnez, izena emateko epea astelehenean, irailaren 10ean, bukatuko da. Izen ematea, ohi bezala, helbide elektroniko honetan egin daiteke: ganboiturri@gmail.com