Julen Gabirondo urnietarra, Euskal Herriko sega txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abu. 5a, 02:00

Asteasuko Sarobe baserriko sailetan jokatu dute gaur eguerdian Euskal Herriko sega txapelketako finala. Lau segalari aritu dira lehian: Igor Esnaola, Jokin Etxeberria, Andoni Goikoetxea eta Julen Gabirondo. Urnietarra gailendu da eta ostiralean zendu zen Mikel Garaialde lagunari eskaini dio garaipena. Saio hunkigarria izan da segalari guztientzat izan ere, segan aritutakoa baitzen Garaialde gaztea.

Argazkiak

Minutuko isilunea egin dute segalari, antolatzaile eta ikusleek, finaleko saioa hasi aurretik. Guztien oroimenean zegoen Mikel Garaialde urnietar gaztea. Herri kiroletan aritua zen Garaialde eta segan ere aritu izan zen. Hunkigarria izan da sega txapelketa finala, hutsune handia utzi baitu Garaialdek. Bereziki hunkituta agertu dira Urnietatik Gabirondo animatzera gerturatu diren hainbat eta hainbat herritar. Lagun minak ziren Gabirondo eta Garaialde, eta hunkituta agertu da segalari urnietarra, baita lehian aritu diren gainerako kirolariak ere.

Asteasuko Sarobe baserriko sailetan, bero handia zen eguerdian. Ikusleek aterki, kapela eta gainerakoen laguntza izan dute, baina segalariek ez zuten babesik. Eguzki galdatan egin behar izan dute lan, egundoko ahalegin fisikoa eginez.

Julen Gabirondo urnietarra, Jokin Etxeberria amasarra, Igor Esnaola legorretarra eta Andoni Goikoetxea gazteluarra lehiatu dira finalean. Ordubeteko saioa egin behar zuten, eta frogaren erdialdera iritsi aurretik, nahiko garbi zegoen Etxeberria eta Gabirondoren artean zegoela txapelduna. Gabirondok betealdia izan du, baina buelta ematea lortu du, eta oso paretsu aritu dira bi segalariak. Lau segalariek izan dituzte txalo eta animoak, baina Gabirondo izan du zaletu talderik sutsuena. Etengabe aritu zaizkio animatzen, urnietarrentzat hain berezia zen saioan. 

Ordubeteko saioa amaituta, erabat hustuta zeuden lau segalariak. Belar biltzaile eta pisatzaileen lanak amaituta, epaileek egin dituzte batuketak eta Julen Gabirondo izan da txapela lortu duena. Txapela gora jasoz, Mikel Garaialderi eskaini dio garaipena urnietarrak malko artean. Honelaxe geratu da sailkapena:

1. Julen Gabirondo. 2571 kg. (2 txartel gorri)

2. Jokin Etxeberria. 2434,5 kg. (3 txartel gorri)

3. Andoni Goikoetxea. 2216,5 kg. (Txartel gorri bat)

4. Igor Esnaola. 2170,5 kg.

Igor Esnaola legorretarrarentzat ere final berezia izan da aurtengoa. Izan ere, sega txapelketak uzteko asmoa azaldu baitu. Xanti Aizpurua eta Alatzne Etxaburuari eskerrak eman dizkie bere ibilbidean emandako laguntzagatik, eta  egindako saioarekin gustura amaitu du Esnaolak: "Euskal Herriko txapelketako finalean parte hartuz esan nahi nion agur ibilbideari, eta hori lortu dut. Gustura noa", adierazi du. Gainera, Igor Esnaola izan da epaileen ustetan belarra txukunen ebaki duen segalaria, eta ez du txartel gorririk jaso. 20 kiloko penalizazioa du txartel gorri bakoitzak. 

Jokin Etxeberria amasarra izan da bigarren sailkatua. Egindako lanarekin gustura agertu da Jokin ere. "Saio osoan zehar paretsu ibili gara, eta azken emaitza Gabirondoren aldekoa izan da. Gustura aritu naiz segan". Gabirondo zoriondu dute beste hiru segalariek, egindako lanagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!