Ttap aldizkari digitala, Tokikom elkartearen apustu berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 27a, 02:00

Eskuko telefonoetan eta tabletetan irakurri, ukitu, ikusi eta entzun daitekeen aldizkari multimedia dagoeneko dohainik deskargatu daiteke App Store-n eta Google Play-n. Abuztuaren 31ra bitartean deskargatzen duten guztiak tableta baten zozketan sartuko dira.

[Ttap aldizkaria]

Euskarazko komunikabide digital berri eta berritzaile bat jaio da: Ttap. Bart aurkeztu zuten zero alea eta irailetik aurrera astero iritsiko da, doan, irakurleen poltsikoetara. 

Digitala, multimedia eta gertukoa 

Aldizkari digitala eta multimedia izango da, eta eskuko telefonoetan eta tabletetan irakurri, ukitu, ikusi eta entzun ahal izango da. Izan ere, "edukiak hainbat formatu eta euskarritan landuko ditu, erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Hau da, testuekin batera, bideoak, audioak eta eduki interaktiboak egongo dira", azaldu du hedabide berritzaile horren zuzendari Monika Belastegik.

Edukiari dagokionez, gertuko gaiak landuko ditu, modu azkar eta erosoan kontsumitzeko moduan, baina eguneroko presatik ihesi. "Batez ere, inguru urbanoan eta garraio publikoan kontsumitzeko egingo dugu, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat", dio Belastegik. Hamasei orrialde edo pantaila izango ditu eta ordu laurdenean irakurri ahal izango da. Edukietan sakondu nahi duenak beti izango du horretarako aukera, mimo handiz landutako audio eta bideo piezen bidez".

Kataluniakoekin elkarlanean

Ttap-en oinarria Kataluniako Esguard aldizkaria da. Hark sei urteko ibilbide oparoa du. "Publikoak oso ondo erantzun dio, han, formatu berri horri. Esguard-en azken urteetan pilatutako esperientzia Ttap-en baliatu nahian, elkarlanean oinarritutako proiektua jarri dugu martxan", azaldu du aldizkariko zuzendari Monika Belastegik. 

Kolaboratzaile talde zabala

Kolaboratzaile zerrenda zabal eta plurala izango du: Sara Gandara, Xabi Paya, Ilaski Serrano, Juan Kruz Lakasta eta gehiago arduratuko dira asteroko elkarrizketa nagusia gidatzeaz. Iritzi emaile lanetan arituko dira, bestetik, Izaro Andres, Pilar Kaltzada, Joseba Sarrionandia, Axi Muniain, Arantxa Urretabizkaia, F. Javier Arrieta eta beste asko. 

Nola deskargatu

Ttap aplikazioa laster egongo da eskuragarri App Store-n eta Google Play-n. Horretarako, helbide bat prestatu dute: www.labur.eus/ttap. Bestalde, www.ttap.eus webgunetik jaisteko aukera ere egongo da. Abuztuaren 31ra bitartean deskargatzen duten guztiak tableta baten zozketan sartuko dira.

Sustatzaileak

Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat hedabide dira aldizkari digitalaren bultzatzaileak: Goiena, Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Tokikom eta Esguard (Bartzelona). Egubakoitzero, bi edizio izango ditu Ttap-ek: bat Bizkairako eta beste bat Gipuzkoarako. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!