Tolosaldea eta Buruntzaldea bus zerbitzuen lizitazio berria martxan ipini dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 25a, 02:00

Atzo ohar bidez zabaldu zutenaren arabera, Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Tolosa eta Buruntzaldea Donostiarekin lotuko dituzten Lurraldebuseko linea berriak lehiaketa publiko bidez lizitatzea onartu du. Okerrik ezean, zerbitzu eraberritua datozen hilabeteetan martxan jarriko da. Deialdiarekiko ahots kritikoak agertu dira.

Aldundiak onurak aipatu ditu oharrean: “Horien artean honako hauek daude: Tolosa eta Lasarte-Oria Donostiarekin lotzeko zerbitzu zuzen gehiago eskaintzea; esparru osoko udalerrien eta Ospitaletako zonaren arteko lotura hobetzea, igandeetan eta jaiegunetan zerbitzu berriak eskainiz; Urumean barrena linea berria sortuz gaueko zerbitzu gehiago eskaintzea; unibertsitateetara, lantokietara eta ikastetxeetara joateko puntako orduetan zerbitzuak indartzea; eta udan gaueko ordutegiak zabaltzea, eta festetarako edo kultura-, kirol- eta festa-ekitaldi jakinetarako errefortzu espezifikoak ezartzea”.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak mugarritzat hartu du kontzesio berria: "Garraio publikoko zerbitzu gehiago eskaini, herritarrek gehien eskatzen dituzten ibilbideetan estaldurak hobetu, eta Tolosarako eta Buruntzalderako mugikortasun-eredu iraunkorrago bat lortzeko bidean aurrera egingo delako”.

Esleipena datu bidez, Aldundiaren arabera:

  • “Tolosako linea zuzenak asteburuetan 53 zerbitzu gehiago izango ditu, 27 larunbatetan eta 26 igandeetan”.
  • “Lasarte-Oria eta Donostia artean eguner, 46 zerbitzu zuzen eskainiko dira”.
  • “Urumearen ardatzean gaueko linea berri bat sortuko da, 26 zerbitzu eskainiz. Linea horrek, ostiral, larunbat eta igande guztietan, zerbitzua eskainiko du Hernanira, Astigarragara, Urnietara eta Andoainera. Aldi berean, N-1eko gaueko linean 14 zerbitzu berri ipiniko dira asteburuetan”.

 

Ahos kritikoa

Sareetan oso aktibo dabilen eta garraio publikoaren eguneroko erabiltzaile den Julen Lorenzo Rivas andoaindarrak zerbitzu zaharraren eta berriaren arteko alderaketa egin eta argiak eta itzalak nabarmendu ditu. Lan egunei dagokionez, hainbat zerbitzutan murrizketa dagoelako kritiko agertu da. Eta, bestalde, gaueko bus zerbitzuetan onura dagoela aipatu du. Hauexek:

  • T3: (Karrika-Lasarte-Oria-Antigua Donostia) ibilbidean, antza, maiztasuna ordurokoa izango dela dirudi, lehen orduerdiro igarotzen zenean.
  • T5: (Tolosa-Donostia herriz herri) ibilbidean ere antzeratsu, orduerdiro beharrean orduro igaroko da eskualdeko herrietatik.
  • Gaueko zerbitzua: Urumea eta N-1 errepideetako gaueko zerbitzua hobetuko dela dirudi eta, antza denez, zerbitzu horiek herrigunetik igaroko lirateke.

Kezka

Imanol Fernandez @MeteoAndoain Andoaingo Twitter erabiltzaile aktiboak ezinduen kasua gogora ekarri du, kezka agertzeko: “Adif ezinduentzat ezinezkoa da. Geldialdi guztiak ez daude egokituta, ezta tren guztiak ere. Busetan murrizketak egiten dituzte, ondo dabilen zerbitzu bakarrean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!