Santioak 2018

Jai batzordearen balioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 20a, 02:00

Lizasok Jai batzordearen garrantzia nabarmentzen du: “Herria herrigintzaren eta boluntariotzaren bitartez sortzen da, eta guztion laguntza behar dugu horretarako”.

Elkarrizketa:

Noiztik zarete Jai Batzordeko partaide?

Iñaki: Urte asko daramatzat ahal dudan bilera gehienetara joaten. Agian egongo da gutxiago joan naizen ikasturteren bat, baina saiatzen naiz ahal dudan heinean bilera guztietara gerturatzen.

Sofia: Neronek 27 urte inguru daramatzat abesbatzako ordezkari moduan Jai Batzordeko bileretara joaten. Oso garrantzitsua iruditzen zait horrelako ekimenetan parte hartzea. 

Zein da Jai Batzordera joaten den herritarren profila?

Iñaki: Normalean herriko elkarteetako ordezkariak gerturatzen dira batzordera, eta esan dezaket ni naizela bertara gerturatzen den gazteenetarikoa. Beraz, adinari dagokionez,  faltan botatzen dut herritar gazte gehiagoren presentzia. Orain Oinkari dantza taldetik jende gaztea gerturatzen hasi da, baina orain arte batzordekideon bataz bestekoa jende heldua garela esan genezake. 

Herriko elkarteetako ordezkari ez diren billabonatarrak ere gerturatzen al dira bileretara?

Sofia: Egia esan ez da jende asko gerturatzen. Aurten, gainera, otsailean hasi gara prestaketa lan guztiekin eta uste baino jende gutxiago gerturatu da. Erakunde asko, gainera, beraien ekintzak programatu ostean ez dira berriz bileretara etortzen. 

Iñaki: Bai, nik ere sumatu dut ideia ezberdinak aurkezteko herritarren falta. Ia 6.000 biztanle dituen herri batean zaila da festa guztiak zortzi pertsonen artean antolatzea. Batez ere, hartu beharreko erabaki batzuk herri mailako erabakiak baitira. Hala nola, sokamuturra egin ala ez egin, koadrilen egunean eguraldi txarra eginez gero bazkaria non egin, eta abar. 

Zer nolako berrikuntzak izango dira jai hauetan zehar?

Sofia: Saiatu gara emakumezkoen musika talde gehiago ekartzen. Gorritiren erakustaldia gure egitarauean ez sartzea ere erabaki dugu. 

Aurten, gainera, jaietako kartelaren aukeraketa Jai batzordearen esku egon da

Sofia: Bai, baziren urte batzuk kartela Udala aukeratzen hasi zela. Aurreko urtean kartel lehiaketarekin pasa zenaren ostean, berriz ere lekukoa Jai batzordeari pasatzea erabaki dute. 

Zuentzat zein da jaietako ekitaldirik kuttunena?

Sofia: Kuadrilen eguna.

Iñaki: Kuadrilen eguna eta erromeri eguna.

Aurtengoan Kuadrilen eguna larunbatarekin jartzeko erabakia nondik nora hartu duzue?

Iñaki: Berez jende asko biltzen duen eguna da kuadrilena, eta larunbata izanik eta gauean Gozategi dagoela ikusirik, jende gehiago gerturatuko dela iruditzen zait. Hori ez dakit guztiz positiboa den, batez ere ostalaritzaren ikuspuntutik. Ez baita berdina Kuadrilen eguna eta larunbata bi jaiegun ezberdin izatea edota bi festa horiek egun bakarrera mugatzea. 

Sofia: Bi egunek bat egin behar zutela uste dut. Eta horixe izan da bilatu dugun modurik egokiena. 

Gazte eguneko kontzertuen inguruan ez diozue herriari galdetu. Zer dela eta?

Sofia: Jendearen inplikazioa nahi genuen jaien antolaketan, baita kontzertuen aukeraketan ere. Parte hartzeko, batzordera etortzea nahi genuen, bidegabe iruditzen baitzitzaigun jai batzordera etorri ez direnei kontzertuak aukeratzen uztea. 

Jai batzordera gerturatu eta bertan parte hartzeko, zein mezu zabalduko zenieke herritarrei?

Sofia: Beste ikuspuntu batzuk jasotzea guztiontzat positiboa da. Herritar ororentzat egiten saiatzen garen egitaraua da, bertan guztiontzat interesgarriak izan daitezkeen ekintzak sartuz. 

Iñaki: Herria herrigintzaren eta boluntariotzaren bitartez sortzen dela esango nieke. Hori amaitzen den momentuan gauza askok zentzua galduko dute. Herrigintzaren alde asko ematen duen pertsona sentitzen naiz, eta horrek bere alde positiboak eta negatiboak izan ditzake. 

Jendeari ateak zabalik dituela esango nioke, animatzeko eta bileretara gertura daitezela. Ez da inongo elkarteko kide izan behar Jai batzordean parte hartzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!