Jai Batzordeko kideak zarete biok. Nola egiten dituzue jaiak antolatzeko lanak?
Jon Iraola: Aurten sekula baino lehenago hasi gara elkartzen. Abendu inguruan egin genuen lehen bilera. Herriko jaiak abuztuan dira, eta data beretsutan herri asko egoten da jaietan. Horrek, asko zailtzen digu gauerako musika taldeak lotzea. Nahiko berandu hasten ginen aurreko urtetan, eta larri ibili izan gara behin baino gehiagotan. Aurten, musika taldeak lehenago lotzen hastea erabaki genuen, eta asmatu dugula uste dut. Kupela taldea ekarriko dugu, erromeria giroa sortzeko.
Ainhoa Arruti: Zortzi pertsona inguru elkartu ohi gara bilera horietan. Gu gara gazteenak. Ea atzetik datozenak ere hasten diren animatzen.
Zein izango da aurtengo jaietako berrikuntzarik nagusiena?
J.I.: Herri-crosffit egiteko asmoa dugu. Erakutsiko digun pertsona bat gerturatuko zaigu, eta ondoren, gure arteko desafioa egingo dugu. Giro polita sortuko dela uste dugu. Herriko gazteen artean zabaldu dugu gure asmoa, eta ondo aterako dela iruditzen zaigu.
A.A.: Herri-kirolekin uztartuko dugu crosffit-a. Andoaingo Goiburu auzoan egin zuten antzeko ekitaldi bat, eta hangoa gustatuta, herrian egitea erabaki genuen.
J.I.: Beste berrikuntza bat ere azpimarratuko nuke; urtero herri afaria egin izan da jaietako lehen egunean, baina aurten euskal parrilla egingo dugu horren ordez. Casteller talde bat dator Kataluniatik, eta haiei pintxo batzuk eskainiko dizkiegu. Emanaldiaren ondoren, parrillada egingo genuke, ohiko herri-afariaren ordez.
A.A.: Toka txapelketa ere berreskuratuko dugu aurten, urte luzez egin gabe egon ondoren.
Egitarauari begiratuta, iazko jaiak baino luzexeagoak izango dira aurtengoak…
J.I.: Bai, jubilatuen bazkaria jaietara ekarri genuen iaz, haiek ere festa giroaren parte izan zitezela nahi genuelako. Saiakera, ordea, ez zen ondo atera. Oilasko biltzaileen bazkaria, jubilatuen bazkaria, herri afaria…, otordu gehiegi pilatu zen. Hori dela eta, ohiko formulara itzultzea erabaki dugu aurten. Jubilatuen bazkaria jaien aurreko asteburuan egingo dugu.
Oilasko biltzea izan zen iazko berrikuntza nagusia. Aurten ere egitekoa al duzue?
J.I.: Bai, aurrez baserritarrei abisua luzatuko diegu, oilaskoak biltzera joango garela jakin dezaten. Iaz, oilaskoen argazkiak jarri genituen plazan eta jendeak bozka bidez aukeratu zuen oilaskorik politena. Aurten, plazan jarriko ditugu oilasko guztiak erakusgai, eta epaimahai batek erabakiko du zein den oilaskorik onena.
A.A.: Oilasko biltzen ateratako herritarrek, afaria egingo dute iluntzean oilasko horiekin.
Herri bazkariko antolaketa lanak herriko koadrilen artean egiten dituzue…
A.A.: Txandaka hartzen dugu ardura hori. Iaz, guri egokitu zitzaigun eta aurten, Basopeta koadrilakoei egokitzen zaie. Bazkalondoan bertan iragartzen da hurrengo urteko bazkaria nork antolatu beharko duen.
Axeri dantza da jaietan tradizio handiena duena.
A.A.: Ikusteko oso ekitaldi polita da, ez dut hutsik egiten. Aurten, bestalde, emakumeei ere luzatu diete parte hartzeko deia. Dagoeneko entseguak hasita daude, eta nahi duen orok du parte hartzeko aukera.
Zein mezu zabalduko zenukete?
J.I.: Aduna herri txikia izanagatik, oso festa politak izaten direla, eta gerturatzeko. Egun guztiak dira politak, baina agian guretzat politena txekor jateko eguna izaten da. Oso giro polita sortzen da. Egitarauari begiratuta, ziur gustuko ekitaldiren bat aurkituko dutela adin guztietako herritarrek, eta gertura daitezela Adunara.