Pala txapelketa, Goiburun egunero

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 30a, 02:00

Lau pilotazale amorratuk antolatzen dute Goiburuko pilotalekuan egunero jokoan jartzen den txapelketa.

Aitor Amondarain, Julen eta Ander Loidi anaiak eta Gaizka Amas gazteen esku dago pala txapelketa. Iaz animatu ziren txapelketa antolatzera lehenbiziko aldiz, eta gogotsu heldu diote aurtengo denboraldiari ere.

Ez dira Goiburu auzokoak, baina bertakoak dirudite; izan ere, makina bat ordu pasatakoak dira bertako pilotalekuan, jokoan. Gaizka Amasek adierazi du zer arrazoik bultzatu zieten txapelketa antolatzera. “Asko maite dugu pilotaleku hori, beste edozein baino gehiago. Batez ere Ander eta biok, libratzen garen guztietan autoa hartu eta gora igotzen gara. Zakurkeriatan ibiltzea dugu gogoko, dejadak dejaden atzetik”.

Ander Loidik jarraitu du txapelketa sortzearen inguruko gora beherekin: “Behin, bertan ohiko izerdi saioa egin, eta garagardo bat edaten ari ginela, hor hasi ginen elkarri desafioka, ea ez ote ginen gai izango txapelketa antolatzeko! Horrela, Goiburuko SEGA elkartearengana zuzendu zen Gaizka ideia proposatuz; txapelketa uztailean hasi eta San Esteban jaiekin batera amaitzekotan. Bikaina iruditu zitzaien asmoa, eta edozertan laguntzeko prest agertu ziren!”.

Berebiziko zaletasuna Andoainen

Bada bigarren arrazoi bat laukoteak ezin duena alboratu, lanean hasteko orduan: Andoainen azken urteetan palarekiko igartzen den zaletasuna. “Harrigarria da ikustea hamasei urtetik gorako zenbat gazte dabilen Andoaingo frontoietan”. Goiburuko txapelketa, Sorabillakoa bezainbat, jokalari guztien topaleku eta erakuslehio izateko jaio zen iaz, horrenbestez.

Aipatu bi auzo horietako txapelketak teniseko pilotarekin jokatzeak izan dezake eragina palaren modalitatea Andoainen erabat herrikoi bihurtzean. “Gomazkoa da eskualdeko txapelketa gehienen materiala. Gogor eman behar zaio, eta gu bezalako jendeak txikituta amaitzen du partidua; gorputza izugarri zigortzen da. Erosoago gabiltza tenisekoarekin”.   

Antolaketaren inguruko kontu guztiak lotzeaz gain, laukoteak hartzen du denbora txapelketan parte hartzeko ere. “Tristea litzateke ikusle soilak izatera mugatzea, guk lauok gainerakoek bezainbat gozatzen baitugu lehiarekin” gaineratu du Anderrek.

Neurketak, egunero

Uztailaren 16an abiatu zen txapelketa hogeita zortzi bikoterekin, eta astelehenetik ostiralera bitarte, arratsaldeko 18:00etatik aurrera norgehiagoka ugari jokatzen ari dira gaueko 21:00ak bitarte. Finala, Goiburuko jaietarako iragarri da, abuztuaren 5erako zehazki.

Pozik dira iaz baino bikote gehiagok eman dutelako izena aurtengoan. Nolanahi ere, emakumeen atalean badaukate zertan hobetua, Amasek aitortu duenez. “Bikote bakarra agertu da jokatzeko prest, eta zoritxarrez ezin izan dugu abian jarri lehiaketa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!