Etxeberrietan, lanean eta gozatzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 26a, 02:00

Etxeberrietako jaien antolakuntzan murgiltzeaz gain, gozatzeko denbora hartzen dakien familia da Murillo Aguado.

Nika Murillo Jai Batzordeko kidea da aspalditxotik, eta eskarmentua hartuta dauka. “Ia urte erdia eskaintzen diogu antolaketari, eta handia izaten da batzordekideei sortzen zaigun presioa, are gehiago auzo bateko jaiak izanik, ez baitauzkazu handiek eduki ditzaketen baliabideak. Dena ondo irtetea eta jendea jaietan murgilduta eta pozik ikustea da guretzat satisfaziorik handiena”.

Kolaboratzaileen ezinbesteko partaidetza azpimarratu nahi du Murillok, nolanahi ere: “Bospasei pertsonak osatzen dugu batzordea, baina geure inguruan berrogei bat lagun mugitzen dira, edozertarako prest agertzen dira beti auzoaren mesedetan. Harro egoteko moduko datua da hori. Familia bat osatzen dugu alde horretatik”.

Familia, gertu

Familia aipatzen hasita, Nika Murillok ez dauka urrun joan beharrik. Luisa Aguado emaztea eta Alba alaba, auzoko kolaboratzaile horietako bi dira. Edonolako zereginetan murgiltzen dira: izan festak hasi aurretik egin beharreko lanak (informatika, udalarekin harremanak…), izan hamaiketakoa prestatzen, izan txosnan zerbitzen, izan haur jolasak prestatzen… Luisak dionez, “jai egunetan, goizeko bederatzietan kalera jaisten naiz eta non behar den eskua, hara joaten naiz. Egunean zehar kalean hara eta hona ibiltzen naiz, gauean azkar erretiratzeko asmoz. Baina azkenean, goizeko 03:00ak arte ez naiz erretiratzen. Hori bai, biharamunean, berriro kalera, dena emateko prest. Gozatu egiten dut jaiekin, berdin zait zertan ari naizen”.

Ondo ateratako apustuak

Jai egitarauari begira, zenbait aldaketa egin dituzte azken urteetan eta asmatu dutelakoan dago Nika. Aldaketa horietako batzuk zerrendatu ditu: “Puzgarriak kendu, eta haur jolasak eta tailerrak jarri ditugu, ohartu baikara posible dela puzgarririk gabeko jaia; horretarako, nahikoa da haurren sormena eta irudimena bultzatzen duten ekintzak antolatzea. Gaueko dantzaldi klasikoen aldeko apustua ere egin dugu, ikusi baita talde erakargarria jarriz gero jendeak erantzuten duela. Miranda pasealekuko zelaiak erabilgarri bihurtu ditugu afari-meriendarekin, txakur trebakuntzaren erakustaldiarekin… Gizartean modan dauden zumba eta patina erakarri ditugu...”.

Etxeberrietako jaiek zertan hobetu beharko luketen galdetuz gero, hirurak ere bat datoz erantzunarekin: “Etxeberrieta Andoainen dagoen auzorik jendetsuena izango da; 2.600 pertsona bizi dira bertan, azken urteetan hona heldu den gazte mordoari esker. Bada, horietako askori ez zazkie erakargarriak egiten Etxeberrietako jaiak. Etorkizunean sentimendu hori aldatzeko, formula egokia bilatu nahian gabiltza buru-belarri”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!