Kuadrila eguna ospatzen denetik hutsik egin ez duen kuadrilatako bat da Carbonarios. Goizean goiztik hasten ziren festan eta hurrengo egunerarte luzatzen omen zen parranda Incansables edota Nekaezinak txarangaren konpainian.
Zenbat urte daramatzazue kuadrila eguna ospatzen?
Bakartxo Oiarzabal: 29 urte dira kuadrila eguna ospatzen hasi zenetik, baina gu 3-4 urte lehenago hasiak ginen bazkariak egiten anbulatorio zaharraren ondoan. Kalderete ederra egin ohi zigun Antonio Navarroren aitak.
Arantxa Laskurain: Santa Ana egunean izaten zen orduan.
Zer da zuentzako kuadrila eguna?
B. O.: Adin-tarte guztiak biltzen dituen eguna da. Kuadrilako asko herritik kanpo bizi dira, eta zail egiten da guztiak batzea.
A. L.: Oso polita da herriko kuadrila guztiak elkartzea eta ezagutzea, baita txarangarekin kalejiran guztiak elkarrekin nahastuta ibiltzea ere. Azken finean, jaietako egunik garrantzitsuena bihurtu da.
Zer da kuadrila egunetik faltan botatzen duzuena?
Pablo Etxeberria: Festa goizetik hastea, esaterako, sokamuturrarekin. Lehen 08:00etan izaten ziren zezenak plazan. Gero, txarangarekin kalejiran hasi eta hamaiketakoa egiten genuen, eta ondoren, autobusa hartu eta txarangarekin batera Etxeondoraino joaten ginen bazkaltzera. Egun oso tristea eta hotza geratzen da bazkaria. 14:00etan bazkaria, 17:00etan txarangarekin kalejira eta 20:00etarako amaitu da txaranga.
Arantxa Arin: Lehen, txarangako kideek gurekin bazkaltzen zutenez, une oro entzuten zen beren musika. Eta ondoren, gurekin etortzen ziren parrandara. Guzti hori galdu egin da.
Miguel Urreta: Hurrengo goizean txarangakoekin gosaltzen genuen.
Txarangaren aurretik ikusi ohi zaizue urtero kalejiran. Nola sortu zen harreman hori?
P. E.: Txarangakoek kuadrilako pare bat lagun arduradun lanetan jardutea eskatzen zuten, egin beharreko ibilbidean gidari lanak egiteko. Geroztik harreman estua dugu.
Zenbat lagun biltzen zineten hasierako urteetan?
P. E.: Kuadrila eguna antolatu zen lehen egunean ia 300 lagun bildu ginen. Egun 1000-1500 inguru elkartzen gara.
Anekdota ugari izango dituzue. Batenbat kontatzerik bai?
M. U.: Txaranga gurekin zegoela "El tractor amarillo" abestia kantatzen egon ginenekoa.
P. E.: Udako abestia izan zen.
B. O.: Plazan zeudenak gure atzetik etorri ziren kalejiran.