“Jai alternatiboak herriari bizia emateko antolatzen ditugu eta herrikideak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu. Betiko ekintzez gain, garrantzitsua baita ekintza alternatibo autogestionatuak bultzatzea”, hortxe dago aurtengo Onddoko ordezkarien azalpena eta gonbitea. Indartsu ekingo diote jaiari, uztailaren 24an, ekitaldi sortarekin: Elektrotxaranga, txupinazoa, danborrada, kontzertua... Onddoren bereizgarri izango den zapia ere aterako dutela iragarri dute: “Urtero herriko zapia herriko eragile ezberdin batek atera ohi du eta aurten, Onddo gazte asanbladak berea aterako du. Nahiko genuke herritarrek ere zapia eramatea". Jaietako lehendabiziko egunak indartsuak izango dira Onddokoentzat, uztailaren 26rako Gazte Eguna antolatu baitute. Erreka jaitsiera, bazkaria, mozorro festa, musika,... gazteen eguna hitzorduz beterik dator.
Jai egitarau ofizialetik kanpo egingo dituzte aurtengo ekitaldiak, eta erabakia horrela arrazoitu dute: “Udalak aurreko urtean gure eta herriko beste eragileen aurka izan zuen jarrera dela eta hartu dugu erabakia". Erabaki berriarekin, bestalde, orain dela urte batzuk antolatzen ziren ekitaldiak berrezarri nahi dira. Besteak beste, baltsa jaitsiera, danborrada eta haur jolasak.
Baltsa jaitsiera
Onddoko kideek duela urte batzuk herrian arrakasta handia zuen jaitsiera antolatzeari ekin diote: “Izena emateko zerrendak zabalik daude eta oraindik jende askok izena eman ez badu ere, jaitsierako egunean jendea beraien baltsekin gerturatuko dela espero dugu”.
Parte hartzeko bi baldintza daude: Adina eta baltsak egiteko materiala. 15 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute jaitsieran, eta baltsak egiteko materiala erreka kutsatzen ez duen materialaz osatuta egongo da.
Marrazki bizidunak Gazte Egunean
Jai egitarau ofizialean, uztailaren 26a Santa Ana da. Askorentzat, aldiz, Gazte Eguna. Erreka jaitsierarekin hasiera emango diote egunari, 11:00ak aldera, Aranerreka inguruan. 14:30rako bazkaria iragarri dute, bakoitzak berea eraman beharko duelarik: “Egunean bertan etxetik bazkariarekin etortzea nahikoa izango da. Tiketarekin hurbiltzen direnei edaria, postrea eta kafea eskainiko diegu”. Bazkarirako txartelak aurrez eros daitezke Iratzar eta Erreka tabernetan. Jaian parte hartzeko, baldintza bakarra dago: Mozorrotzea. Aurtengoan marrazki bizidunei gorazarre egingo diete.