Zein paper du txapelketak zuentzat?
Ander Cambero: Txapelketa jokatzen den astelehen, asteazken eta ostiraletan giro paregabea sortzen da herrian.
Aitor Guerra: Jendeak aipatu izan dit, partidak hastean herrian festa eta uda usaina nabaritzen dela.
Adin tarte ezberdinetako jendea batzen duena, gainera.
A. G.: Bai, gazteenak 16 urte izango ditu. Nik, adibidez, 30 urte ditut. Beraz, aldea badago.
Lagunartean bai, baina partidatan nabaritzen da lehiakortasun hori.
A. C.: Nik uste dut guztiok goazela irabaztera. Beti egongo dira hobeak direnak baina guztiok dugu irabazteko ilusio hori. Egia da, finala gerturatu ahala, lehiakortasuna eta urduritasuna areagotuz doazela.
Edozeinek har dezake parte?
A. G.: Partaidetza Aiztondo bailarara mugatu dugu eta talde bakoitzean, gehienez, Aiztondo bailaratik kanpoko bi pertsona sar daitezke.
A. C.: Egia esan, ikustera ere kanpoko jende dezente etortzen da. Uztailaren 24an futbito txapelketako finalean plaza nola egoten den ikusi besterik ez dago. Festetako ekintzarik jendetsuenetarikoa da.
Finala txupinazoaren ostean izateak ere lagunduko du.
A. G.: Bai, zalantzarik gabe. Finala txupinazoaren ostean izatean jende gehiago gerturatzen da. Hesia jartzen dugu zelai guztian zehar, eta lehenengo momentutik jendea finala ikusteko lekua hartzen hasten da. Poztasun handiz hartzen dugu hori.
Zuek biak antolatzaile eta jokalari ari zarete. Batean edo bestean ibili, aldea dago.
A. G.: Momentu bakoitzean onena ematen saiatu behar zara. Arazoak dauden momentuan, antolatzaile zaren aldetik, begiratu behar da.
Zer da antolatzaile moduan egiten duzuena?
A. C.: Gure lana gehienbat partidak hasi aurretik izaten da: izena emateko datak jarriz, herrian paperak banatuz, sare sozialetan zabalduz, izen-emate orriak hartuz, bilerak eginez, udaletxera joanez etab... Behin partidak hasita, arazorik ez badago, gure parte-hartzea ez da beharrezkoa.
A. G.: Materiala erosteaz ere gu arduratzen gara: Atezainen sareak, baloiak eta abar. Txapelketaren antolakuntzan jende gaztea sartzen saiatzen ari gara, gauzak nola doazen erakusten joateko eta gu pixkanaka ateratzen joateko. Lehenengo urtean hiru hasi ginen antolatzaile lanetan eta, aurtengorako, lanak piska bat banatu ahal izateko norbait gehiago hartzea erabaki genuen.
Zergatik uste duzue ez dagoela emakume jokalari gehiago txapelketan?
A. C.: Zailagoa da neska kuadrila bat partidatan parte hartzera animatzea, eta errazagoa da neskaren bat mutilen koadrila batean jokatzen ikustea. Asteasuko taldearen kasua da hori. Emakumezko bat jokatzen ari da asteasuarrekin batera. Guk antolatzaile modura ez dizkiogu inori ateak ixten. Aiztondo bailarakoa den jende guztia txapelketan parte hartzera gonbidatuta dago.