Santioak 2018

Aizkardirekin txupinazoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 21a, 02:00

Azken asteetan Piriniotan barrena ibili dira Aizkardiko kideak. Santio jaien ostean, abuztua deskantsurako aprobetxatuko dute eta irailean ekingo diote berriro ere.

Urtero legez, uztailaren 24an lehertuko dira Santio jaiak Villabonan 18:00etan Errebote plazan. Eta txupinazoa jaurtitzearen ardura Aizkardi Mendizale Elkarteko kideena da.

Aizkardi Mendizale Elkartetik azaldu dutenez, "gurekin gogoratzea ona bezain polita da, eta eskertzekoa". Asteartez hasiko direnez festak, kide asko lanean arituko direla adierazi dute, eta hortaz zailtasunak izango dituztela eszenatokira zeintzuk igo erabakitzerakoan. Bestalde, diskurtsoa prestatzeko elkartzen ari direla esan dute, txupinazo egunerako guztia prest edukitzeko. Hala ere, batzuentzat ez da lehen aldia izango. Izan ere, 2015. urtean Oinkari Dantza Taldeak jaurti zuen txupina beren 40. urteurrenagatik eta bertan egon ziren Aizkardi Mendizale Elkarteko zenbait kide.

Aizkardiren hastapenak
1957an sortu zen elkartea, Loatzo izenarekin. Izen horrekin "mendia eta kirol jarduerak" batu nahi izan zituzten. Aizkardi izena hartu zuela 40 urte inguru bete dira.

Egun 270 federatu inguru daude, baina elkartearen martxa jarraituko duen erreleborako jenderik ez dagoela azpimarratu nahi izan dute. "Jende ugari hasten da gure alboan, baina ondoren independizatu egiten dira".

Hamar lagun elkartzen dira ostegunero, irteerak antolatzeko. Gustura egiten duten lana dela esan dute.

Azken irteera, Pirinio aldetik
Lecherines menditik zehar egin zuten azken irteera uztailaren 8an. "Egun ona izan zen, eguraldi ona eduki genuen eta bistak zoragarriak ziren". 18 lagun joan ziren, eta ibilaldia pentsatu bezala irten zela gehitu dute.

Abuzturako ez dute irteerarik iragarri, deskantsurako aprobetxatuko baitute. Iraileko azken-aurreko asteburuan ekingo die berriz ere mendi irteerei Benasque - Renclusa - Maladeta - Aneto ibilbidearekin. Hortik aurrera, hilabetero pare bat irteera dituzte aurreikusita, gutxi gorabehera.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik
Mendi irteerak erabakitzerako orduan, kontutan hartzen duten irizpidetako bat zera da, Euskal Herriko zazpi lurraldeak zapaltzea. Leku asko eta asko bisitatu dituzten arren, oraindik ezagutzeko leku gehiago ere badirela aitortu dute, eta horretan jarraituko dute lanean.

Mendiko irteeretara taldean joatean giro polita sortzen dela, eta barre uneak ere egoten direla esan dute.

Urte osoko egitaraua eta informazio gehiago aizkardiren webgunean topa daitezke.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!