Garagardo azoka uztailaren 19tik 22ra, Txerminen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 19a, 02:00

Beertokiko lagunek brindisa egingo dute Garagardo azokan, ostegunean, ekoiztu berri duten Zappa izeneko garagardoa dastatzeko. Azokako egunetan estreinekoz dastatzeko aukera egongo da.

Iazko parentesiaren ondoren, ohiko formatuan itzuliko da Garagardo azoka, Irrintzi Elkartearen eskutik. Uztailaren 19tik 22ra bitartean, Santio jaien atarian, ospatuko da azoka 22. urtez Txerminen kokatzen den ikastolan. Mikel Ayestaran Irrintzi Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, “Garagardo azoka ohiko lekura eramatea lortu dugu. Azken batean, herriarentzako festa giro ederra sortzen delako bertan”. Egun, Gipuzkoako garagardo azokarik zaharrena da Villabonakoa. Intxaurrondokoa zen zaharrena, baina antolatzeari utzi zioten.

Bolondres lana

100 lagunetik gora aritzen dira bolondres lanetan azokak irauten duen lau egunetan; elkarteko 80 bazkide inguru, beren senideak eta  baita bazkide ez diren zenbait herritar ere.

Azpimarra berezia egin die Ayestaranek azokan lan egiten duten bolondresei, azalduz azokak horrenbeste urtetan duen arrakasta eta indarra bazkideek jarritako inplikazioari esker izan dela: “Urtetako ibilbideari esker, inguruko herrietako jendeak badaki Villabonako festen aurreko asteburuan Garagardo azoka ospatzen dela, eta hori bazkideek ipinitako inplikazioari esker izan da, dudarik gabe”.

Bazkide batzuk adinean gora doazen arren, atzetik datozen gazteak fin ari dira lanean azokaren martxa hartzen. “Zorteko gaude gure aurrekoek lan handia egin dutelako urteetan zehar azoka antolatzen, eta orain gazteei lan horren transmisioa ematen ari zaie, erreleboa har dezaten”.

Herriko lehen garagardoa

Ohi den moduan, hogei garagardo mota ezberdin dastatzeko aukera egongo da azokan. Tartean lehen aldiz ekarritakoak eta baita berriak ere, esaterako, La Salve, Ladrón de Manzanas edota Zappa. Azken hori, Beertokiko lagunek ekoiztu berri dute. Billabonatarrek ekoitzi duten lehen garagardoa da, eta azokan egongo da estreinekoz dastatzeko aukera. Bertan emango da ezagutzera Zappa eta irekiera egunean, uztailaren 19an, brindisa egingo dute 19:00etan Beertokikoek beren lagunekin eta inguratzera animatzen direnekin. Irrintzi Elkarteko zuzendari den Ayestarenek pozarren hartu du berria: “Ohorea da Villabonako lehen garagardoa azokan aurkeztea. Ziur naiz harrera ona izango duela, eta azoka amaierarako ez dela ezer geratuko”.

Hogei garagardo horiez gainera, glutenik gabeko bat ere egongo da botilan, 3 eurotan. Gainontzeko garagardoen prezioa 10 zentimo igo da. Horrela, 3,60 euroko prezioa izango du litro erdiko pitxerra betetzeak.

Jatekoari dagokionean, ez dago berrikuntzarik. Ohiko menua egongo da, ohiko prezioetan (menua eta prezioak eskuineko orrialdean daude ikusgai).

Azokaren egitura eta ordutegia

Ikastolako obrak direla eta, azokaren egitura ezberdina izango da. Karpa bat gehiago ipiniko dute, eta garagardoa eskatzeko barra eskuineko aldean jarriko dute, frontoiko paretaren kontra. Dena dela, barraren inguruan lasai egoteko lekua ere egongo da.

Hilaren 19an emango zaio irekiera 22. Garagardo azokari. 18:00etatik gauerdira arte egongo da zabalik. Egunak aurrera egin ahala, ordutegia luzatzen joango da, eta azkeneko egunean, gauerditik aurrera debalde banatuko dira bukatu ez diren garagardoak.


Zappa, Beertokiko lagunek ekoitzitako lehen garagardoa
{{IMG-41439}}

Villabonak badu garagardoa. Beertokiko lagunek Zappa garagardoa ekoiztu berri dute, Bilboko Drunken Broos garagardo-lantegiarekin elkarlanean. Aurkezpen modura, Irrintzi elkarteak antolatzen duen garagardo azokan topa antolatu dute ostegunean, hilak 19an, 19:00etan.

Garagardoa ekoiztera ausartu zarete. Zer moduzkoa irten da?

Aitor Otegi: Oso ona irten da. Gustura gaude lortutako emaitzarekin.

Zapore aldetik, zein ezaugarri ditu?

A. O.: Zitrikoa, afrutatua eta oso garratza.

Jon Ander Artola:  Indian Pale Ale estilokoa da. Lupulu asko erabili ohi da garagardo estilo horretan.

Igor Fernandez: Garagardo artisauen munduan sartu berri direnentzat oso aproposa da.

Argi eduki duzue zein estilotako garagardoa nahi zenuten?

A. O.: Bai. Lauon estiloa berdina denez, hasieratik garbi eduki dugu guretzako garagardoa ekoitziko genuela. Garagardo artisauen mundua gustuko duenari gustatuko zaio Zappa.

Nola joan da ekoizpen prozesua?

Eneko Calvo: Lehenagotik ere aritu izan gara etxean garagardoa ekoizten. Alkizan elkartu ohi gara lauok, eta 20 litro ekoizten ditugu kontsumo propiorako.

J. A. A.: Erabaki potoloa da. 1000 litro ekoitzi ditugu, eta hori kopuru handia da, inbertsio handia eskatzen baitu.

Zappa jarri diozue izena. Frank Zappa musikariagatik akaso?

E. C.: Orain 3-4 urteko Garagardo azokan Zappari buruzko artikulua irakurri genuen, eta titularrak honela zioen: “Ezin da benetako herria izan garagardoa eduki ezean”.

J. A. A.: Frank Zappari esker sortu da Zappa garagardoa eta baita Beertoki azoka ere. Beraz, Zappa garagardoa musikariari omenaldia egiteko aprobetxatu dugu.

I. F.: Jendeak izena nondik etorriko ote de pentsatzeko helburuz sortu dugu Zappa izena. Horrela, diseinuaren laguntzaz, Frank Zappa musikaria dagoela atzean jakin dezaten.

Nola doaz salmenta lanak?

A. O.: Dena salduta dugu. Harrituta gaude.

Probatu nahi duenak garagardo azokan edukiko du aukera.

A. O.: Bai. Irrintzik antolatzen duen garagardo azokan Zappa saltzeko aukera izan dugu. Gainera, herriko festak heltzear dira, eta giro hori aprobetxatu nahi izan dugu gure garagardoa aurkezteko.

E. C.: Horrela, hilaren 19an topa antolatu dugu Garagardo azokan, 19:00etan. Azokan egongo direnetatik ezberdinena da gurea. Hala ere, garagardo artisauen barruan nahiko estilo ezaguna da.

Zuei esker Villabonak badu garagardoa.

J. A. A.: Villabonan egin den lehen garagardo artisaua izango da Zappa, eta gainera, garagardoen munduan ezaguna da Villabona.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!