Antselmo Larrarte gogoan

1932an jaio zen Antselmo Larrarte Roteta, Larraulgo Larrunbide Etxeberri baserrian. Anai-arrebatan zaharrena, baserriari eskaini zion bere bizimodua.

Zortzi seme-alaba izan zituzten Juan Ignazio Larrartek eta Maria Rotetak. Antselmo zen seme-alabetan zaharrena eta baserriko lanari eutsi zion. Biktoriano, berriz, seme gazteena zen, Antselmo baino hamabi urte gazteagoa. Antselmoren inguruan solastu dira Biktoriano Larrarte eta Olga Villa herritarra.

Berrikuntza-zale

Baratzea, soroa, etxeko-abereak…, horietan ematen zituen Antselmo Larrartek bere lan orduak. Ekimen handiko gizona zen, eta gauza berriak probatzea gustatzen zitzaion. Halaxe azpimarratu du Olga Villak: “Beste herrialde batzuetako produktuak ekartzen zituen, froga egiteko. Esaterako, arraza bereziko ahateak ekarri zituen behin, arra eta emea. Emea hil egin zitzaion eta, saiatu arren, ez genuen arraza hartako besterik aurkitzea lortu. Horrez gain, gogoan dut bere soroan aza berezi batzuk nola erein zituen. Galiziako aza mota bat zen eta Antselmok froga egin nahi izan zuen harekin ere. Ez zen beti-betikora mugatzen, gauzak berriak gustatzen zitzaizkion”. Olgak berak Gernikatik ekarritako babarrunak edota piperrak ere erein izan zituen Antselmok. “Baita babarrun zuria ere. Asturiasko fabada baino ale txikixeagoa zen, begi beltzarekin. Donostiatik ekartzen zuen”, gaineratu du Biktorianok.

Etorkizunari so

Ohikoa zen Antselmo baserri inguruan lanean ikustea. Soroan babarrunak ereiten zituen, eta Babarrun elkartera eramaten zituen gero. Sail handiak egiten zituen, “azken urteetan ordea, ez zen gauza, eta nik laguntzen nion”, azpimarratu du Biktorianok. Babarrun landareari eusteko metalezko barilak lapurtu zizkienekoa ere gogoratu du: “400 barila inguru lapurtu zizkiguten sorotik bertatik”. Soroko lanak alde batera utzi, eta ekimen barri bat zerabilen buruan Antselmok. “Erietxean zegoen batean esan zidan, sagarrondoak landatu behar genituela. Jateko sagarrak jartzea zen bere asmoa. Lan horiek egiteko garaia pasa egin zen eta halaxe geratu zen, baina horixe zen bere asmoa. Osasunak gehiegi laguntzen ez bazion ere, oraindik gauzak egiteko gogoa handia zuen: etxe ondoko bidea zabaldu, sagarrondoak landatu, etab.”

Solaskide ona

Olga Villa gernikarra da izatez, baina badira 23 urte Larraulen bizi dela. Gabonetako kantu erronda batean ezagutu zuen Antselmo: “Larrunbide Etxeberrira joan ginen abestera. Gogoan dut etxe atarian oilar pila bat zegoela, baita etxe inguruko pagoetako adarretara igota ere. Antselmorekin kontu-kontari aritzea oso erraza zen eta hantxe sortu zen geroztik mantendu izan dugun harremana. Oso gustura hartzen zuen bisitan joaten zitzaion jendea eta kantu errondak ere ikaragarri estimatzen zituen”.

Kontu kontari egotea atsegin zuen Antselmok, noski. “Etxe-atarian elkartu, eta beti edukitzen genuen elkarri zer esana”, azaldu du Olgak. “Asko gustatzen zitzaion jendeari entzutea. Arreta jartzen zion esaten zenionari, solaskide ona zen Antselmo”, azpimarratu du.

Herriko aspaldiko kontuen berri ematea gustatzen zitzaion Antselmori eta halaxe egin zuen Aiurri aldizkarian ere; garbitokia, bolatokia, txondorra…, hainbat gairi inguruko informazioa jarri zuen Aiurriren eskura. 2009an txondorra egiteko lanetan ere aritu zen Antselmo, Koldo Jauregi herrikidearekin batera.

Lumak

Olgak gogoan du nola Larrunbide Etxeberriko oilarren lumak eman zizkion behin Antselmok. Alkizako eskolako irakasle lanetan ari zen Olga, eta Lantzeko inauteriak irudikatu behar zituzten. “Denboraz joan nintzen Antselmorengana, ttuntturroari jartzeko lumak eskatzera. Oso luma politak prestatu zizkidan, maisu-maestra guztiontzat. Oraindik ere etxean dut luma haietakoren bat”.

Larrunbide Etxeberri baserriko kanpoaldean ateratako argazkiak biltzen ditu Mal de Ojo musika taldeak kaleratutako diska baten liburuskak. Aitor Atxega larrauldarra taldeko kide zen, eta argazkiak bertan ateratzeko proposamena luzatu zien taldekideei. “Mandioan atera genituen argazki batzuk eta beste sorta bat etxe inguruan dagoen autobus zaharrean sartuta”, azaldu du.

Lepatxuria

Antselmorekin egindako solasaldietako batean, animalien inguruan aritu ziren Olga eta biak. “Ni kalekumea naizela esaten nion, eta ez nituela animalia asko ezagutzen. Lepatxuria aipatu zuen berak. Nik halakorik hemen ba ote zen galdetu nion, ez nuela sekula ikusi”. Luze gabe deitu zion Antselmok Olgari, bere etxera joateko gonbita luzatuz. “Lepatxuria aurkitu zuela esan zidan, eta hantxe zaukan, baserrian, niri erakusteko”.

Ahetzera

Ahetzeko azokara maiz-maiz joaten zen Antselmo Larrarte, Joxe Migel Etxeberria lagunarekin batera. “Orain gutxi ere joateko asmotan ziren biak. Antselmo gustura joaten zen azokara. Ohiko azoketara ez ezik, baita tresna zaharrak saltzen zituztenetara ere”, azaldu du Biktorianok. Baserrian gorde zituen urte askotan erositako tresna eta gainerakoak. “Eskusoinu berezi bat ere badago bertan, Larrinaga markakoa. Larrinaga bera ere Antselmoren laguna izan zen. Atxondokoa zen izatez, baina Donostian bizi zen, eta bazuten harremana. Hiru urte inguru izango da hura hil zela”.  Azoka batean egindako erosketa berezi baten berri eman zion Antselmok iloba bati. Biktorianok eman ditu azalpenak: “Niri ez zidan sekula esan, baina iloba bati jakinarazi zion bere errautsak sartzeko bi kutxa erosiak zituela. Denborarekin desegiten diren kutxa bereziak dira. Baserrian bila aritu gara, eta haietako bat aurkitu dugu”.

Ehizean

Ehiztaria ere bazen Antselmo. “Perretxikuak biltzea ez zitzaion gustatzen, ehizean berriz… Usotan eta oilagorretan aritzen zen gehienbat. 82 urte inguru zituela parte hartu zuen herriko plater tiraketa txapelketan. Bihotzerako ona ez zela, eta ez parte hartzeko eskatu nion, baina berak argi zuen parte hartu behar zuela. Ez zituen plater asko jo baino…”, azaldu du Biktorianok.

Zinegotzi

Larraulgo udaletxeko zinegotzi ere izan zen Antselmo Larrarte. “Franco hil eta berehala, lau urteko bidea egin zuen Udalean. Gogoan dut nola garai hartan Gobernadore zibilaren bisita ere jaso zuten herrian”, azaldu du anaiak.

Betani etxean

Urtarrila amaieran Asteasuko Betani etxera joan zen Antselmo bizitzera. Hala ere, “egunero etortzen zen Larrunbidera, bere traktorean. Askatasun handia ematen zion traktore txiki hark. Aurrez, beste kotxe txiki bat ere izan zuen, eta azken urteotan traktorearekin ibiltzen zen batera eta bestera”.

Idazle prestu
{{IMG-41428}}

Aiurri aldizkarirako idatzi asko prestatu zituen Antselmok, eta aspaldidanik zetorkion idazteko ohitura. “Irakurri ere asko egiten zuen. Orduak pasatzen zituen egunkari edo aldizkariak irakurtzen eta gogoa zuenean, idazteari ekiten zion. Ingresatuta egon denean, erizainei ere idatzi zien gutunen bat, eskerrak emateko”. Euskaraz idazten zuen Antselmok, nahiz eta eskolan erdara hutsean aritu, noski.

Artisau trebe

Artisautzan trebea zen Antselmo. Egurrezko makilak egitea zuen zaletasun, “asko gustatzen zitzaion etxera gerturatzen zitzaionari makil horiek erakustea. Alkizar batzuk izan ziren makil bat erostera etorritako azkenak; bertako apaizari agur gisa oparitzeko eraman zuten” azaldu du anaiak. Oparitu ere egiten zituen makilak Antselmo zenak. Sendagileak ingresatzeko premia zuela esaten zionean, Biktoriano anaiari deitzen zioten, “ez zitzaiolako batere gustatzen anbulantzian joatea. Azkeneko aldian ere, neronek eraman nuen. Bi makil zeramatzala konturatu nintzen, eta zertarako zituen galdetu nion, baina ez zidan erantzun. Sendagileari oparitu zion makil haietako bat. Nik uste dut barru-barruan bazekiela ez zela etxera itzuliko”. Beste zenbait eskulan lanetan ere aritu izan zen Antselmo. “Hortzetako txotxak gordetzekoak, boligrafo edo arkatzak biltzekoak…, uztarri bat ere egina du”, azaldu du Biktorianok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!