Joxan Huizi Ulanga, SD Euskaldunako zuzendaritzaren gidaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 17a, 02:00

2007-2017. Hamar urteko denbora tartea eman zuen Joxan Huizi Ulangak Euskalduna SD futbol taldeko lehendakari gisa. Udaleko diruzaina ogibidez, asteartean bihotzekoak jota zendu da. 

Bere lekukoa hartu zuen zuzendaritza talde berriak bere heriotzarekiko atsekabea adierazteko oharra argitaratu du: “Oraintxe bertan jaso dugu Joxean Huizi, Euskalduna Futbol Taldearen Lehendakari Ohiaren heriotzaren berri. Besarkada bero bat familia eta ingurukoei. Gugan bego”.

Alkatearen eskerrona

Ana Carrere Andoaingo alkateak ere bere ibilbidea goraipatu du. Udal langile  modura "langile aparta zen. Agintera iritsi ginenean eskaini zigun laguntza betiko eskertuko diogu. Euskaldunako zuzendaritzan utzi duen ondarea garrantzitsua da: Egunez egun kluba hobetzeko lan eginez, edota emakumezkoen taldeak martxan jarriz". 

{{IMG-41384}}

XXI. mendeko lehendakaria
Hitz gutxitan definitu beharko bagenu, Joxan Huizi Ulanga XXI. mendeko lehendakaria dela esan genezake. Ez alperrik, bera baita aro garaikide honetan lehendakari postuan denbora gehien eman duen pertsona. Lehendakaria, edo lemazaina, ehunka jokalarien ardura bere baitan zuen lantaldeko gidaria izan zen. 2017ko ekainaren 3an utzi zuen bere kargua, 2016-2017. denboraldia amaitzearekin batera.

Udaren amaieran, 2017-2018. denboraldiaren atarian, Euskaldunako zuzendaritza talde berriak omenalditxoa eskaini zion lantalde osoari. Euripean, Larramendi txapelketaren atarian, gorazarre egin zieten gaur zendu den Joxan Huizi Ulangari eta baita bere esanetara egon zen lantaldeari. Hauexek: Xabier Garcia, Jose Mari Estibariz, Pedro Martinez, Javier Zatarain eta Olatz Irazu.

Gipuzkoako futbol federazioaren mendeurrena
Euskaldunako ardurak alde batera utzi bazituen ere, udaberrian ekitaldi berezian parte hartzeko aukera izan zuen. Gipuzkoako futbol federazioaren mendeurrenean, hain zuzen. Maiatzean Gipuzkoako Futbol Federazioak Donostiako Miramar Jauregian antolatu zuen ekitaldira Gipuzkoa osoko futbol taldeetako lehendakari eta lehendakari ohiak gonbidatu zituzten. SD Euskalduna futbol taldearen ordezkaritza zabala hurbildu zen orduan. Argazkian, zutik: Ramon Iriarte, Joxan Huizi, Pedro Irazu, Xabier Aldalur, Joxe Galparsoro, Jesus Martin eta Gerardo Abrego. Makurtuta: Eneko Peñalbo, Joxerra Bengoetxea, Jose Joakin Jauregi eta Joxe Mari Oiartzabal. Regino Otegi da falta den bakarra.

Euskaltzalea

Gizarte mailako beste hainbat jardueretan murgilduta ibili zen. Besteak beste, Manuel Larramendi Kultur Bazkunan. Heriotzak eraman duen arte, elkarteko bazkidea izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!