Andoain Erromes bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 13a, 02:00

Andoaingo La Salle-Berrozpeko fraide Nazario Maiz Santiagora doan bide ezagunaren sinboloa zabaltzen dabil azken urteetan. Andoainen berak egindako 7 maskor ipini ditu, eta denera 150etik gora erromes bide osoan.

Erromesak seinaleak behar beharrezkoak ditu, ezezaguna zaion Donejakue ibilbidean aurrera egiteko. Beterri-Buruntzatik barrena igarotzen da "Barnealdeko ibilbidea". Bidaiariek Gipuzkoako ibilbidean dagoen seinaleztapen ona eskertu ohi dute. Adibide onena Terueleko Santiago Bideko adiskideen elkarteko Andres Ruiz ordezkariaren adierazpena da: "Baionatik Irunera bitarte oso gaizki dago. Ez dago ia seinalerik. Irundik hona, aldiz, oso ondo seinalizatuta dago". Geziak eta maskorrak jartzeko lana tokian tokiko eragileei dagokie, eta Andoainen Nazario Maizek urteak daramatza langintza horretan. Handik eta hemendik egiten dizkioten eskaerei erantzuten ahalegintzen da eta, zenbatzen hasita, orora 150 maskor inguru egin ditu. Horietatik guztietatik 7 Andoaingo ibilbidean aurki daitezke. Maskorrak, geziekin batera, ibilbidean aurrera egiteko seinaleak dira. Azkena, uztailaren 3an ipini zuen Urigain etxearen atariko belardian. Guztien artetik handiena da, eta instalakuntzarako Udal teknikariek garabiaren laguntza behar izan zuten. Gainerako seirak Tolosako norabidean aurki daitezke. Hurrenez hurren: La Salle ikastetxearen horman (Erroitz Kalea), Bordatxiki etxeko sarreran (Elizondo etxeari itsatsia); Santa Krutz ermitan (Kale Nagusia); Olajauna etxean eta Maindi iturriaren gainean (Zumea kalea) eta Sorabillako San Martin elizan.

Barnealdeko bidea, lau etapa Gipuzkoan barrena
Andoaindik igarotzen den Donejakue bidea “Barrualdeko bidea” bezala ezagutzen da. Irun eta Hernani artean igarotzen da lehen etapa; bigarrena Hernanitik Tolosara doa, Andoaindik barrena igaroz. Bidanin amaitzen da hirugarrena, eta Zerainen laugarrena. Hortik aurrera, Arabarantz doa, Aizkorriko naturgunetik pasa eta gero. Gaur gaurkoz, erromes kopuru handiena hartzen duena "Bide frantziarra" da.


Nazario Maiz eskulturgilearen maskorrak Andoainen barrena

{{IMG-41361}}

La Salle Berrozpe ikastetxea: Urnietatik etorrita, Erroitz kalean gora erromesek Andoaingo lehen maskorra topatuko dute, aterpetxearen parean.

{{IMG-41362}}

Bordatxiki etxearen ataria: Elizondo tabernaren atzealdean kokatuta dago, La Salle Berrozpe ikastetxearen sarbide nagusiaren alboan.

{{IMG-41363}}

Santa Krutz eliza: Kale Nagusian behera, Maindi iturriko norabidean, ibiltariak ezker aldean topatuko du maskorra.

{{IMG-41364}}

Olajauna etxea: Zumea kalean, parez pare, bi maskor aukitzen dira. Olajauna etxearen gaikaldean dago lehena.

{{IMG-41365}}

Maindi iturria: Guipuzcoano eraikinaren saihetsean eta Maindi iturriaren gaikaldean aurkitzen da Zumea kaleko bigarren maskorra.

{{IMG-41366}}

Sorabillako San Martin eliza: Sorabillako elizaren sarbide nagusian dago, erromesentzat babesleku den toki lasai bezain ederrean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!