Berreskuratze lanetan tinko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 13a, 02:00

Burdina taldeak ezagutzera eman ditu aurten aurrera eramango dituen egitasmoak. Bestalde, etorkizunera begira landu nahi duen haizeolen gaia hizpide hartu zuten hitzaldi batean.

Amasa-Villabonako Udalarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, Aranerrekan dauden hiru karobi berreskuratzeari ekin diote. Berriki Musturi-azpi baserri ondoko karobia txukundu dute, eta hurrena Floreaga eta Etxezarretakoei helduko diote. Azken helburua, Amasako ondare historikoa berreskuratzea, eta jendeari jakinarazteko karobien ibilbidea osatzea izango da, Amasa eta Villabona elkartu zireneko 400. urteurrenaren ospakizunen baitan irekitzea espero dutena.

Andoainen, Pagamendiko Karlisten garaiko gotorlekuaren berrekurapenaren bigarren fasea jarriko dute abian. Eta bestalde, Ortzaikako karobia martxan jarriko dute, aurreko urtetan egin moduan. Leitzarango bailaran, zepadien bila jardungo dute, haizeolen aztarnak topatzeko asmoz.

Elduainen, Allani, Goikoetxea, Kamioetxe, Gorrane eta Sales karobiekin eta Errotazar errotarekin jarraituko dute. Berastegin, garbitokia, iturburua eta aska biltzen zituen egitura bat berreskuratzen saiatuko dira. Zizurkilen, elurzulo bat izango dute jomugan.

Egitasmo zehatz horietaz gain, ondarearen mantenimenduari begira, herriz herri sinatuta dauzkaten hitzarmenei eutsiko diete.

Aranzadirekin hitzarmena
Burdina taldeak Aranzadi elkartearekin hitzarmena sinatu du, elkarlanean jarraitzeko ondare kultura babesteko xedez. Artean, bi elkarteek egitasmo mordoa jorratu izan dute elkarrekin: Atxular eta Pagamendiko karlisten garaiko gotorlekuak, Olazar, Plazaola eta Mustarreko haizeolak eta burdinolak; Ulizar eta Artola Bordako kobazuloak...

Haizeolak, euskaldunen aitzineko industria
Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologia saileko arduradunak hitzaldia eskaini zuen joan den astean, Amama tabernaren bilera gelan.

Haizeolen ikerketa arkeologikoa indar handia ari da hartzen azken aldian han-hemen egin diren aurkikuntzei esker, eta Burdina elkarteko kideek ere gaian sakontzeko interesa azaldu dute. Haizeolak, erromatarren garaian zein erdi aroan mendi parajeetan burdina lortzeko asmoz eraiki zen industria txikia izan zen. Haizea zuen oinarri haizeolen prozesuak, hauspoen bidez lortzen zena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!