Oroimena eta teknologia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 14a, 02:00

Adineko pertsonen artean errealitate birtuala jorratzen duen Oroi enpresa eta Alberto Agirre abesbatza elkarlanean aritu dira egunotan. Zenbait abesti grabatu dituzte San Martin elizako koroan, latinezkoak zein euskarazkoak.

Errealitate birtualaren kanala da Oroi, adinez nagusi diren pertsonei entretenimendua eta esperientzia kognitiboak lortzea helburu duena. Horretarako, betaurrekoak eta bestelako gailuak erabiltzen dituzte. Gailu horiek irudiz eta soinuz elikatzen dituzte, makina bat gai jorratuz; hala nola, musika kontzertuak, nekazal mundua, bidaiak, paisaiak, sukaldea, antzerkia, zinema... Era guztietako ikuskizun horiek 360 gradutan bizi litezke, errealitate birtualaren bitartez. Era horretan, gailu horien erabiltzaileei, bizipen eta emozio pertsonal berezi-bereziak bizitzeko aukera eskaintzen zaie.

Egun bogan dauden telebista plataforma horietako bat sortu du Oroi enpresak, eta hilero gai berriekin hornitzen du. Hain zuzen, plataforma horretan zabaltzeko asmoz grabatu zuten Alberto Agirrek joan den astelehenean San Martin elizan eskaini zuen kontzertua. Abesbatza Jose Luis Etxeberriak zuzendu zuen, eta Josean Pascual organo jotzailearen laguntzarekin aritu zen. Errepertorioa euskarazko eta latinezko abestiekin osatu dute. Batik bat, elizan abesten direnak abestu zituzten.

Iñaki Aranburu eta Jorge Maylin, Oroi enpresako kideek, kamara berezia erabili zuten Alberto Agirre abesbatzaren emanaldia grabatzeko. 360 gradu grabatzen dituen kamera da,sei pantaila dituena. Gauzak horrela, grabazio bikaina lortzeko, punta-puntako teknologiaz gain, beharrezkoak ziren gainerako osagarri guztiak bildu zituzten: eskarmentu handiko abesbatza zein organo jotzailea, kalitate handiko organoa eta ahotsak fin-fin jasotzen dituen leku paregabea.

Pertsona nagusien premiei erantzuteko asmoa
Premia batetik abiatu ziren Oroi enpresako kideak, Jorge Maylinek adierazi duenez: “Zahar etxeetara sartu orduko identifika daiteke bertan bizi direnek dituzten mugikortasun arazoak erresidentzietatik atera eta edonora joateko, eta are gehiago, emozioak sustatzeko esperientziak bizi ahal izateko. Bada, errealitate birtualaren bidez, adineko horrek egoitzan biziko ez lituzkeen esperientziak, errealitateak, lekuak, soinuak... aurrez aurre eduki ahal izateko teknologia garatzen saiatu gara. Begietan edo belarrietan jartzen duen tresneriak panoramika osoa eskaintzen dio erabiltzaileari. Mundu berri bat irekitzen zaio, aulkitik altxa gabe”.

Praktikan jarri den sistema
Zahar egoitzetan poliki-poliki ezartzen ari den aplikazioa dela adierazi du Iñaki Aranburuk: “Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait egoitzetan praktikan jarri da, Katalunian ere bagabiltza, eta erreakzio ezin hobeak jaso ditugu; bertako profesionalek (psikologoak, terapeutak...) adierazi digutenez, errealitate birtualaren erabilera erabiltzaileen ongizate emozionalean eragiteko tresna baliagarria da”.

Entretenimendurako ez ezik, memoria, arreta eta beste zenbait funtzio kognitibo lantzeko primerako tresna da. Adibidez, oso lagungarria da oroimena pizteko. Erreminiszentziaren teorian oinarritzen baita, begiek ikusten duten horrek iraganeko oroitzapenetara eramaten zaituela, alegia.

Maylinen hitzetan. “zahar egoitzetako profesionalentzat ere gailuok lagungarri dira, erabiltzaileen biografiari buruz ez zekizkiten hainbat atal azaleratu daitezkeelako. Adibidez, erabiltzaile bati mendi paisaiak erakutsiz iraganean artzaina izan zela jakin zuten; beste batekin, Aquariumari buruzko bideoa erakusteari esker arrantzan munduan ibili zela...”.

{{IMG-41348}}

Iñaki Aranburu eta Jorge Maylin Oroi enpresako kideak.

Musikaren indar emozionala
Musika tradizionala grabatzeko interes berezia zeukan Oroi enpresak, eta horrexegatik jo dute Alberto Agirre abesbatzarengana. Maylinek azaldu du horren zergatia: “Zahar egoitzetako profesionalen eskaerari erantzun nahi izan diogu. Adin nagusiko jende askok oso gogoko ditu iraganean mezetan-eta entzuten eta abesten zituenak”.

Musikarekin oso gauza bitxia gertatzen da adineko jende askorekin, Aranburuk gaineratu duenez: “Dementzia sakona eduki arren eta koilara edo sardeska eskuez hartu ezinik bizi arren, abesti bat entzun orduko gauza dira abesten hasteko, letra buruan gordeta daukatela erakutsiz. Memoria pertsonala biziki selektiboa eta apetatsua da”.

Teknologia berriak eta adin nagusikoak uztar ezinak direla dioen ustea faltsua dela frogatu du teknika berriak. Errealitate birtuala erabiliz, eta entretenimenduaren eta mundu emozionalaren arloak landuz, iraultza txikia eraman dute ezinduta bizi diren adin nagusien bizitzara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!