Urnietako Udalak poza agertu du albistearekin, urte hasieran egindako ekarpenak kontutan hartu dituztela ikusi dutelako. Izan ere, Adifen hasierako asmoa tren geltokiaren bi aldeak itxitura batekin bereiztea izan zen. Horrek, noski, kalte nabarmena eragingo zuen urnietarren artean. Hasierako egitasmo horren aurrean, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak agerraldi bateratua egin zuten, bereziki Urnietako tren geltokiaren lurrazpiko pasabidea urnietar guztiei irekia izan zedin eskatzeko.
Berriki Adifek oharra zabaldu du, hainbat aldaketa iragarriz. Eta bertan adierazten denagatik, Udalaren eta Jaurlaritzaren eskaerei jaramon egin diete. Gauzak horrela, lurrazpiko pasabidea publikoa izango da, baita pasabidearen osagarri izango diren eskailerak eta igogailua ere.
Udalaren poza egitasmo berriarekin
Udalak, aste honetan zabaldu duen oharraren bidez, poza agertu du: "Udalak egindako eskariari erantzun zaio, geltokiaren inguruko auzoak lotuta geratuz". Azken hilabeteotan Adifen eta Udalaren artean bilera ezberdinak izan dira. Horren fruitu dira lanak burutzeko iragarri dituzten neurri berriak.
{{IMG-41345}}
Hasierako egitasmoari kritika
Urtarrilean Urnietako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Adif erakundearen hasierako egitasmoari kritika egin zioten, trenbidearen bi aldeak itxitura batekin moztu nahi zituztelako. Adifek, zorionez, Udalaren ekarpenak kontutan hartu ditu.