“Bizitza bera pausoz pauso osatzen den lasterketa da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 6a, 02:00

Garaipenik lortu gabe ere merezi zuen elkarrizketa Ainhoa Jauregi korrikalariak (Urnieta, 38 urte), baina Arbizuko mendi lasterketan lortu zuen txapelak azkartu egin du prozesua.

Andoni Urbistondo URNIETA
Podiumeko koska garaienera itzuli da hiru haur erditu, hazi eta hezi bitartean, irakasle izateko oposaketa gaindituta, eta Jokin Lizeaga bikotea heriotzaren atarian jarri zuen istripu gogorra bizkar gain hartuta. Onddi eta Mulisko aldeko parajeetan gainditu du herioa, izerditan blai, gorputza estutuz, ideiak ordenatuz, askatasuna dastatuz. Mendi lasterketetan bizitzako egunerokoan lortutako mugarriak errepikatzen direla sinetsita baitago Ainhoa. Ez alferrik, elkarrizketa Besabi eta Onddi arteko bidean dago egina.

Garaipen bat etorri da orain, Ainhoa, baino betidanik izan duzu harreman zuzena kirolarekin, eta mendiko korrikarekin.
Bai. Txikitan aita eta amarekin, karabanarekin hara eta hona ibiltzen ginen, Tourrera edo mendira, eta hondartzan pala, pilota, mendia… Eskola kirolean atletismoa egin nuen, eskubaloia gero urte luzez, gorputz heziketa ikasteko arra sartu zitzaidan arte. Eskubaloia utzi behar izan nuen, ikasketak Gasteizen zirelako (4 urte), eta beste bat Ingalaterran. 4 urte horietan aretoko jardueretan (spinning-a, tonifikazioa, aerobic eta gimnasioa) irakasle aritu nintzen ikasketekin batera, horregatik utzi nuen eskubaloia. Ikasketak bukatuta, irakaskuntzan hasi nintzen, Erronkarin (Nafarroa). Denbora libre dezente neukan, eta mendian korrika egiten hasi nintzen. Ordurako Mikel Legarreta urnietarra mendian korrika zebilen, eta Urnieta-Adarra-Urnieta lasterketa zegoenez, 2007ko apirilean korritu nuen lehen aldiz. Niretzat harrigarria zen nolatan korrikalariek halako proba bat osatzen zuten. Ondoren nik ere egin nuen, eta ez zitzaidan hainbesterako iruditu, ez nuelako azkena bukatu. Hor hasi zen nire mendi korrikalari istorioa. Gero, pixkanaka, Pirinioetan eta Euskal Herrian lehiatzen hasi ginen, ni eta Jokin Lizeaga bikotea, eta horrelaxe.

Kirola eta amatasuna, urteak elkar gurutzatuta zure bizitzan…
Bai. 2009ko uda eta udazkenean lasterketa batzuk korritu nituen, emaitza onekin, eta Euskal Selekzioko kide bilakatu nintzen. 2010eko Urnieta-Adarra-Urnieta lasterketan oso denbora ona egin nuen (1:17:00). Eta serio entrenatu gabe! Baina Lide lehen haurra bidean zegoen, ordurako. Ama izan nahi nuen, eta mendi maratoian koska bat gora egin ere bai, batez ere nire muga zein zen jakiteko asmoz. Bi nahiek talka egin zuten, eta malko batzuk bota nituen biak bateragarri ez zirelako. Egun batean nire buruarekin hausnartu nuen, eta erabaki: mendi korrikalari izatea jolasa zen, zaletasuna, eta ama izatea bizitza osorako proiektua. Lide jaio ondoren bueltatuko nintzela agindu nion nire buruari.

Haurdunaldia eta erditzearekin espero ez zenituen faktore asko sortu ziren…
Ikaragarria! Suposatzen duen ahalegin fisikoaz gain, gorputza aldatzen zaizu, batean kiloak hartu, hurrena galdu, ondoren  desoreka bat edo beste… Ez zara haurra eduki aurreko zinen emakume bera.

Baina bueltatu zinen, eta nola!
Motibazio sendo bat neukan: gizonezkoek aita izan ondoren korrika jarraitzen badute, nik zergatik ez? Uda horretan, Lidek 6-8 hilabete zituela, Suitza eta Italiako Alpeetara joan ginen bikotea eta hirurok.
Haurra ostatuko arduradunekin utzita, edo konfiantza ematen zigun beste norbaitekin. Munduko Kopako proba batzuk osatu nituen, 9. postuan sailkatu nintzen sailkapen nagusian, lauzpabost proba korrituta, eta horrek nahiko lasterketa txukunak egin nituela esan nahi du. 6 hilabeteko ume on eta baita ama on batekin! [barrez]

Gorputzak, ordea, kito esan zizun.
Nola gainera… Tiroidean arazoak izan nituen, haurdunaldiak sorturiko hormona-dantzaren ondorioz, lasterketetan ezinean nenbilen. Egun, pastillekin-eta, oreka daukat, baina bizitza osorako hor egongo den egoera bat da. Nire burua ezagutzeko baliagarria izan zen. Bosgarren kilometroan aldapa bat ezin nuela atera ikusten nuen, ez nuela lasterketak bukatzeko gaitasunik! Eta ondoren jakin nuen zergatik zen.

Eta familia handitu zen!
Bai. Tiroidearen arazoa medio, bi aborturen ondoren, Negu etorri zen, eta hor oso gordin nabaritu nuen amatasuna eta kirola partekatzeko nahia. Teorian bateragarri dira, baina bi umerekin logistika konplikatu egiten da, zer esanik ez bikoteko bi kideak korrikalariak baldin bagara. Kirol arloa baztertzen joan nintzen pixkanaka, eta amatasuna lehenetsi. Familia ugaria eduki nahi genuela ere nahiko garbi geneukan nik eta Jokinek, eta egoera horren baitan, amatasuna nagusitu zen. Korrika munduan sartuta jarraitu nuen, baina Jokin bera ere bete-betean sartuta zegoelako.

Bakarren batek pentsatuko du, biok zaletasun bera eduki, hiru haur zaindu behar, bikotea bere istriputik osatu eta entrenatzen hasteak tarte apur hori ken diezazukeela…
Justu kontrakoa. Gurean, nik edo Jokinek korrika egiten badugu, pozik gaude. Gure ondokoa korrika ikusteak ez digu ardura hori sortzen, kontrakoa, poza ematen digu. Biok, gure mugekin, korrika egin ahal izatea litzateke gure nahia. Jendeak esaten dit: ‘Jokin laster prest da’. Eta niri horrek poza emango lidake. Ni orain korrika ari naiz, eta asko lagundu eta animatzen nau, espero ez dudan tokian semea eta alabekin azalduz. Jokinek berriro mendian korrika egitea nahi dut. Seinale ona izango da.

Erditze eta erditze artean, kirola erabat ez zenuela bazterrean utziko pentsatzen dut, berriro hastea askoz nekosoagoa delako…
Ez dut kirola erabat utzi, ez. Lasterketak korritzen-eta jarraitu dut, emaitzari batere garrantzirik eman gabe. Mendi buelta pare bat eman, besterik ez, baina beti zerbait egin, fisikoki aktibo egotea gustuko dudalako eta psikologikoki momentu horiek izatea asko baloratzen dudalako. Nire buruarekin solasaldiak izateko unerik aproposena izaten dira, batzuetan 30 minutuko asfaltoko buelta, edo bestetan gehienez ordu eta erdiko mendi buelta. Ideia guztiak kajoietan antolatzeko momentua izaten da, nire buruarekin egoteko momentua. Modu honetan, gorputzak ez du ahaztu sufrimendua zer den, prest segitzen du. Medikuek-eta esan zidaten, tiroideetako arazo hori dela-eta, ez nuela ama izan aurretik neukan maila fisikoa berreskuratuko. Baina egoskorra naiz, eta pixkanaka sasoi puntu ona lortzen joan naiz. Hortik etorri da Arbizuko garaipena.

Ze hausnarketa egiten duzu amatasunaz eta kirolaz?
Sarri haserre egon izan naiz ‘nahi baduzu, egin dezakezu’ lelo entzutetsu horrekin, ez baita erreza: erditu, bularra eman, hezi, beste ume bat… Lor daiteke? Bai, baina konplikatua da, eta emakumeok asko borrokatu behar dugun zerbait da! Ni orain eszedentzian nago, bikoteak egiten du lana, haurren heziketa garrantzitsua zela erabaki genuelako. Horrek tartea uzten digu asteburuetan-eta mendira joateko. Gure zaletasun garrantzitsuena bizirik mantentzen saiatu gara, eta horri esker, familia eta zaletasuna partekatzea lortzen dugu. Neguan, esate baterako, iraupen eskia egiten dugu umeekin, eta horrelako gauzek asko betetzen gaituzte.

Arbizuko probako azken 5 kilometroak, pistan barrena korrika, berezi samarrak izan omen ziren. Zergatik?
Ordu eta erdiko lan saioak egiten ari nintzen gehienez, eta Arbizun 2.13 egin nuen! Azken 30-40 minutu horiek, eta pista batean korrika… ederki sufritu nuen. Jende askorekin gogoratuz samurragoa egin zitzaidan: etxekoak, emaginak, erditze osteko fisio espezialistak, lagunak, Urnietako mendi korrikalariok daukagun whatsapp taldeak ematen dizun poxa…  Bizitzako lorpenak asko biderkatzen dira lagun eta familiarekin konpartitzen direnean.

Kirol lorpenek ezinbestean gizakiaren ego-a handitzea dakarte, auto estimua handitzea eta beste. Zuri halakorik gertatzeko beldurrik ba al duzu?
Ezetz espero dut. Arbizuko garaipenak pixka bat gehiago estutzeko motibazioa eman dit, saioren bat gehiago egiteko, astean bi izozki gutxiago jateko, entrenamenduetan azkarxeago ibiltzen saiatzeko, besterik ez. Proba bat korritu edo ez, ez dago nire ego-aren baitan, umeak nork zaindu bilatu edo ez baizik. Hiru umeak zaintzeko norbait bilatzen ez badut, ez dut korrituko. Kito.

Hiruzpalau hilabete pasa dira zure bikoteak istripu larria izan zuenetik… zertan dira oroitzapenak, oharkabean azaltzen diren lesioak, buruko min ikusezin horiek…
Istripu eguna latza izan zen, zain egon behar hori, aterako ote zen edo ez… Jokin erietxean hitz egiteko eta mugitzeko gai zela jakitea oparia izan zen niretzat… Ondorio askoz larriagoak izan zitzakeen. Errekuperazioa ondo doa, baina beti egiten zaizu luzea. Lehen ez zituen minak azaltzen ari dira, lo falta ez da desagertu… denbora behar da, osatzeko. Mendi lasterketetara bueltatuko da, buruz eta sasoiz oso indartsua delako. Nik uste dut maila polita hartzea lortuko duela berriz, baina noiz ez dakigu.

Arbizun irabazita, nola ikusten zara mendi proben arloan urtebete barru?
Etxe inguruan eta 25 km arteko probak korritzen, ahal den neurrian. Etxetik ordu erdira nahi beste lasterketa edukita ez dut nire burua Espainiako edo Munduko Kopako lasterketak egiten ikusten. Prestatzen jarraitzen badut, agian 2019ko Zegama egiten saiatu naiteke, baina gaur-gaurkoz 42 kilometroko proba bat osatu ahal izatea utopia iruditzen zait. Erronkaren bat edukitzeak laguntzen dit gorputza zukutzen, dortsal bat jantzita oso lehiakorra bihurtzen naiz, eta lehiakortasun hori akuilu da mendira bueltatu eta gozatzeko. Bizitza bera mendi lasterketa baten parekoa izan dela iruditzen zait: unibertsitaterako sarbide proba gainditu, ama izan, oposaketa bat prestatu…, lortzen zailak ziruditen mugarriak lortu ditut, eta mendi lasterketak deskubritzea altxor bat izan da niretzat, bizitza beraren ispilua.

Lanbidearen inguruan ere zer egin erabaki beharko duzu…
Aldaketarik ez bada (Gorputz Heziketako Irakaslea da Altsasun), hurrengo ikasturtean ere eszedentzian jarraituko dut, gure energiak gustuko ditugun jardueretan zentratzeko aukera emango baitigu horrek. Eta bi ikasturte barru oso gustura itzuliko naiz nire lanpostura, ahal bada etxetik gertuago.

Lide 8 urterako bidean da, dagoeneko, txikiak zirenak hazten ari dira. Zer esan zizuten Arbizun irabazi ostean?
Azken urteetan korrika aitarekin bakarrik lotzen zuten: korrika, aita, garaipena. Arbizun irabazita, beraiek ere konturatu dira, ama, ama izanda ere, lehiatu eta garaipena lor dezakeela, edo garaipena lortu gabe ere lasterketez asko gozatu daitekeela, emakumeek zaletasunak ditugula eta kirola egitea gustuko dugula. Nire seme-alabek balore batzuekin hezi nahi baditut lehen adibidea nik izan beharko dut. Emakumeek gure hobby-ak mantentzea funtsezkoa da, baita amatasunaren garaian ere. Niri Jokinek laguntza handia ematen dit, ez daukat kexarik, baina orokorrean berdintasun efektibora iristeko asko falta zaigu oraindik!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!