Sanferminetara txarangarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 6a, 02:00

Jesus Ibañez Txupi-k ondotxo daki zer den Sanferminetan musikari bezala murgiltzea. Usteak uste, musika jotzeaz batera parranda egitea oso lan nekeza dela dio.

Elkarrizketa:

Aurten Sanferminetara...

Bagoaz, bai! Festetako azken egunean, 14an, Gora Kaletxiki txarangarekin ibiliko gara, Jarauta kalean dagoen Napardi elkarteko jendearekin batera. Vermutaren ordua deitzen dioten ekitaldi horretan ibiliko gara, eguerdi partean. Gora Kaletxiki txarangarentzat lehenengo aldia da Sanferminetara joaten garela. Elkartetik gonbitea luzatu ziguten, eta hamaiketakoaren truk joango gara.

Egun berezia, beraz.

Txarangaren munduan dabilenarentzat,
Donostiako Danborradan, Tolosako Inauterietan
edo Sanferminetan jotzea, futbolean Championsa jokatzea bezalakoa da. Alde horretatik, esan daiteke gure txarangarentzat egunik apartekoena izango dela jaio zen egunetik hona.

Zuk zeuk, ordea, urteak daramatzazu San Fermin jaietan musikari lanetan.

Bai, azken urteetan Luciano Uribesalgo eta biok joan izan gara hara, lehen aipatutako elkarteak gonbidatuta; bera perkutsio kaxarekin eta ahotsarekin, eta neu esku-soinuarekin.

Sanferminak eta txaranga eskutik joan izan dira beti...

Sanferminak aipatu eta edonori txarangaren hotsa etorriko zaio gogora. Biak elkarrekin identifikatu izan dira beti.

Zezenak bezain beste?

Baietz esango nuke kasik-kasik. Zezenak festetatik kentzeko lehenbiziko hotsak entzun dira azken aldian, baina guk ez dugu horrelakorik ikusiko. Eta txarangekin, berdin-berdin.

Sanferminetan musikari bati geratzen al zaio parrandarako denborarik edo gogorik?

Igual jendeak pentsatuko du baietz, musikariok fama hori badugu. Baina bestelakoa da errealitatea. Erantzukizun handia izaten da jendetzaren aurrean jotzea, horrek errespetua eragiten dio musikari bati, eta ezin da edonola ibili. 

Nola datorkizu uda, emanaldiei begira?

Txaranga gisa saioak izango ditugu hurrengo asteetan. Uztailaren 30ean Etxeberrieta auzora goaz, jaietako danborradari musika jartzeko. Villabonan, kontzertua emango dugu Santio
egunean. Abuztuan, Amabirjin egunean, Sorzano (Errioxa) herriko jaietara goaz urteroko tradizioari jarraituz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!