Xanti Aizpurua, kirolari lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 9a, 02:00

Hamasei urterekin joan zen lehendabizikoz Galarretara, erremontean froga egitera. Hamabost urteko ibilbidea egin zuen profesionaletan.

Ezagun batek utzitako zestoarekin eman zituen lehen pilotakadak Galarretan. 16 urte zituen Xanti Aizpuruak, eta esku pilotan ibilia zen aurrez. “Anizeto Lazkanorekin ibili nintzen. Asko gustatzen zitzaidan esku-pilota eta maila polita lortu nuen, baina eskuetatik asko sufritzen nuen”. Galarretara egindako lehen bisitaldi hartan, jendez osatuta zeudela, eta hurrengo urtean itzultzeko esan zion arduradunak. “Sei-zortzi hilabete pasa baino lehen itzuli nintzen. Afizionatu mailan lehiatzen hasi, eta bost urte egin nituen hala”.

15 urte

Hogeita bi urterekin egin zuen profesional mailako debuta. “Hamabost urte pasa nituen Aizpurua IIa gisa kantxaratzen. 1997ko azaroan hasi, eta 2012ko abenduaren 31n jokatu nuen azken partida. Tarte horretan denetarik izan dut: txapelak, lesioak…, erremontearen garai onak ezagutu nituen. 2004 urte arte oso urte indartsuak izan ziren. Gero krisialdia izan zuen, apustuak nabarmen jaitsi ziren, eta erremontea urte pattaletan sartu zen. Oraindik ere pattalaldiari buelta eman ezinik dabilela esango nuke”. Izan ere, apustua da erremontearen diru sarrerarik nagusiena. “Eskuzkoak telebistagatik jasotzen duen diru sarrera du, baina erremintazko pilotak ez du babes hori”, azaldu du Xantik.

Diru-sarrera gutxi

Egungo erremontisten egoera ere hartu du ahotan Xantik: “Kirol horretatik inork ez du soldatarik ateratzen. Diru-sarrera batzuk izaten dituzte, baina ez nahikoak. Horri gainera, gastuak kentzen badizkiozu..., masajistak, sestoak, etab. norberak ordaintzen ditu. Zaletasunagatik eusten diote, baina hortik ez dago bizitzerik”, azpimarratu du.

Bide horretan ezagututako jendea du bereziki gogoan Xantik: “Oso giro ona genuen gure artean. Ikaragarri esperientzia ona izan zen erremontean aritzea”. Maila handiko pilotariekin aritzeko aukera ere izan du, noski, ibilbide profesionalean.

Txapelak

Xanti Utergarekin bikote osatuta lortutako garaipena du bereziki gogoan Aizpuruak. Promesas del Kursaal txapelketan lortu zuten txapela, bere lehendabizikoa. “Maila handiagoko txapelketatan ere lortu ditut txapela gehiago, zazpi guztira, baina lehendabiziko hura oso modu berezian gogoratzen dut”. Garikoitz Altunarekin irabazitako Gipuzkoako txapelketa ere gogoan du, baita Matxin IV.arekin irabazitako bi txapelak ere. “Izan ere, oso ondo moldatzen ginen biok”.

Agurra

2012ako irailean lortu zuen azken txapela, Urrizarekin. “Nire kirol ibilbideko urterik onenak azken bost urteak izan ziren. Kirol maila onean nengoen eta oraindik urte batzuetan jokatzeko moduan izango nintzen ziurrenik, baina kontratua berritzeko garaia iritsi zenean enpresarekin ez nintzen moldatu, eta horrelaxe bukatu zen”.

2012ko abenduaren 31n jokatu zuen azken partida. “Ez genuen ekitaldi berezirik egin. Partida jokatu, trasteak hartu, eta etxera. Ez nion garrantzia berezirik eman nahi momentu hari”.

Giza-frogak

Erremonteko ibilbidea amaituta, herri kiroletan murgildu zen Xanti: “Artean pilotari profesional nintzela, giza-frogatan aritzeko deitu zidaten. Aiztondoko taldea indartsu zebilen garai hartan. Kirolari profesionala izanda, ezin izan nuen mundu horretan buru-belarri murgildu, baina entrenamenduetarako jendea falta zutenetan, laguntzera hurbiltzen nintzen”. Erremonteko ibilbidea amaituta, gehixeago murgildu zen giza-frogatan “eta tiraldi batzuk egitea egokitu zitzaidan 2013tik aurrera”.

Herri kiroletan aritzen zen lehen aldia zen hura. Geroztik, ordea, ibilbide oparoa egin du Xantik. Igor Esnaola ezagutzeak eman zion horretarako bide. “Alatzne Etxaburua bikotea segan hasi zen, Zizurkilgo festetan parte hartzeko. Joxe Gabirondorekin eman zituen lehen pausoak, baina Igor Esnaolaezagutu genuen gero, eta hortxe murgildu ginen biok herri-kiroletan”.

Sega

Igor Esnaolaren taldean sartu zen Xanti: “belarra biltzen hasi nintzen eta aurrerago, laguntzaile gisa. Orain, Igor Gipuzkoako finalari begira dago eta gero Euskal Herriko iritsiko da. Laguntzen arituko naiz. Sailak kontrolatu, aholku batzuk eman…, horretan aritzen naiz bereziki. Alatznek ere orain ditu saio batzuk. Horiek amaitzen ditugunean, sega denboraldia amaituko da guretzat”.

Igor Esnaola izan dute gidari Xantik eta Alatznek. Bere bidez murgildu dira herri kiroletan eta eskertuta daude: “Txapeldun handia da Igor eta oso gustura gabiltza berarekin. Asko gozatu dugu bide honetan”.

Trontza

Trontzan ere bikote gisa aritu dira Igor eta biak. “2013an jokatu genuen lehen txapelketa. Bi aldiz parte hartu genuen Euskal Herriko trontza txapelketan eta bietan hirugarren postua lortu genuen. Zazpi herrialdetako txapelketan berriz, bi aldiz lortu genuen irabaztea, 2014 eta 2016an”. Horiek dira Xantik herri kiroletan lortu dituen txapelarik preziatuenak. “ Alatzneri, Igorri oso modu berezian, eta bere anaia Aitorri eskaini nahi nizkieke txapela horiek”.

Uztailaren 28an jokatuko dute Zazpi herrialdetako trontza txapelketa. “Lan motza izaten da, eta ondo moldatzen gara prestatzeko. Lan luzeagoak direnean askoz ere denbora gehiago eskaini behar zaie entrenamenduei eta oso zaila da”. Laster ekarriko dituzte entrenamenduetarako egurrak. “Denbora tarteren bat dugunean elkartu, eta saioa egiten dugu. Trontzan oso garrantzitsua da bi kirolarien mugimenduak bateratzea, eta horretan arituko gara. Lan motza denez, ez digu bestelako prestakuntza berezirik eskatzen”, azaldu du Xantik.

Erakustaldiak

Iazko udan erakustaldi asko eskaini zituzten, herriz herri. “Gehitxo, behar bada. Zenbait egunetan iritsi ezinik ere ibili ginen. Hiru erakustaldi egindako egunen bat ere izan genuen. Alatzne aizkoran zebilen buru-belarri eta toki askotatik deitu zioten. Aurten utzita dauka aizkora, eta erakustaldi gutxiago izango ditugu. Trontzan aritzea egokituko zaigu, baino oraindik ez dakigu zenbat erakustaldi edo non izango ditugun”.

Kirol garestia

Erremonteak diru sarrera gutxi ekartzen badu, herri kirolak are eta txikiagoa, “gastu handiak ditu, materiala oso garestia da. Egurra, trontzak, segak, aizkorak… oso garestiak dira. Zaletasunagatik aritzen gara, baina gastua suposatzen du”. Trontzan, esaterako, erreminta berrienak txapelketetarako gordetzen saiatzen dira, “kamusten joaten direlako”. Trontza berriak 1400 euro inguru balio du, eta ohikoa da txapelketa garrantzitsuetan erreminta berria ateratzea, “bestela arerioak abantailatxoa izan dezakeelako”. Herri kiroletan aritzeko, “zaletasun ikaragarria behar da”.

Pixkanaka, herri kirol lehia uzteko asmoa azaldu du Xantik, baita Igorrek eta Alatznek ere. “Mundu horretatik, ordea, ez gara aterako. Asko gustatzen zaigu, eta saioak bertatik bertara ikusten jarraituko dugu, zalantzarik gabe”, argitu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!