Agirre, Etxeberrietako futbol harrobiko jokalari fina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 8a, 02:00

Pako Agirre omenduko dute Etxeberrietako auzotarrek jaietan. Euskalduna taldearen urrezko aroa bizitu zuen jokalari bikaina izan zen Agirre.

Pako Agirre Aranalde Tolosan jaio zen 1944ko ekainaren 29an, baina bi urte betetzerako familiarekin Andoainera etorri zen bizitzera. Etxeberrietako auzoa hartu zuen bizileku familiak, eta bera auzo horretakoa sentitu da betidanik. Etxeberrietan hazi zen; bertan osatu zuen familia Anttoni Mendikute emaztearekin eta Aitor eta Eduardo semeekin batera eta bertan bizitzen jarraitu du beti.  

Etxe aurrean zeukan futbol zelaian piztu zitzaion baloiari ostikoak emateko grina. Era horretan, beste erremediorik gabe, futbola izan da bere pasioa eta gozamena, jokalari gisa lehendabizi eta entrenatzaile gisa ondoren.

{{IMG-41309}}

Euskaldunako Jubenilen taldea, 1961-1962ko denboraldian. Zutik: Alkorta, Kaflanka, Audikana, Artola, Langara, Agirre eta Esnaola. Makurtuta: Gonzalo, Arruabarrena, Velasco, Etxeberria Xope eta Arrieta. Horietatik sei (Audikana, Artola, Langara, Agirre, Etxeberria eta Arrieta) Etxeberrietako auzoko mutilak dira, Ramon Ruiz Ramontxin entrenatzaileaz gain.

Jokalari fina

Euskalduna taldearen urrezko aroa izan den 60 eta 70eko hamarkadetan jokatu zuen Agirrek. Etxeberrietako zaharrenen arabera, futbol zelaiaren historian ikusi diren futbolaririk finenetakoa izan da. Horrexegatik, auzotarrek, omenaldi xumea eskainiko diote, Cabrejas memorialeko krosaren ostean. Euren ondoan bizi den kirolari handia gogoan hartzeko asmoa dute aurtengo jaietan, era horretan.

Bere burua jokalari gisa definitzeko eskatu diogu Agirreri, lehenengo eta behin:  “Atezain ez beste zelaiko postu guztietan jokatu izan dut. Baina normalki, erdilaria izan naiz. Bi oinekin ondo moldatzen nintzen, eta oso teknikoa nintzen, jaurtiketa trebekoa. Jarreraren aldetik, esango nuke serioa nintzela, diziplinatua. Lesioak errespetatu ninduten, eta ezer aipatzekotan, sudur hezurra bi alditan puskatu izana aipatuko nuke”.

Agirrek, eskolarteko txapelketarik jokatzen ez ziren garaiak ezagutu zituen umetan. “Federazio mailako ligetan hasi aurretik, Zumea, Bastero, Etxeberrieta eta Kaletxiki auzoko infantilek euren arteko ligaxka jokatzen zuten Etxeberrietan. Haietan, neguan abarkekin jokatzen genuen eta udan hankutsik. Liga hori aparte utzita, Villabona, Lasarte edo Añorgako gazteekin desafioak egiten genituen. Zelai horietara oinez joaten ginen jokatzera; egin kontu zenbateko afizioa geneukan!”.

Pakori galdetuz gero zer dela eta atera diren hainbeste jokalari Etxeberrieta auzoan, agudo irteten zaio erantzuna: “Egun osoa zelaian igarotzen genuelako! Milaka eta milaka ordu sartu ditugu bertan, txiki-txikitatik hasita. Gainera, auzokoak bertan ginenean, herriko beste auzoetakoak ez ziren ausartzen sartzera, beldurrez. Etxean bazkaltzeko ere denborarik ez genuen hartzen, eta amak balkoietatik guri garrasika aritzen ziren”.

Agirrek goitik behera ezagutu ditu Euskaldunak jubeniletan eta erregionalen mailetan hamarkadetan izan dituen taldeak. Berarentzat, jubenilen mailan, 1961-1962 denboraldikoa izan da sekula eduki duen talderik onena. Bada, alienazioan erreparatuz gero, ohartzen gara Etxeberrieta iraganean zenbaiteraino izan zen Euskaldunaren harrobia: hamabi jokalarietatik sei auzokoak dira. “Umetatik elkarrekin ibilitakoak ginen, eta kasik Bartzelonaren pare jokatzen genuen; zelaian ingurura begiratu beharrik ere ez geneukan besteak non eta zertan zebiltzan jakiteko”. Gipuzkoako finala Eibarren aurka jokatu zuteneko pasadizua dauka gogoan modu berezian. “Beasaingo Garmendia Kartuli genuen epaile. Jokaldi batean, gerora Athletico de Madrilen famatua izan zen Garatek, gure aurkako korner batean, eskuarekin gola sartu zuen. Ontzat eman zuen epaileak, eta holaxe galdu genuen. Handik gutxira, zer da eta Garmendia, Andoaingo neska gaztea ezagutu, harekin ezkondu eta bertara etorri zen bizitzera!”.    

Erregional mailan, mitikoa da 60ko hamarkadako Euskalduna. Reala alde batera utzita, inguru hauetan Alaves, Eibar eta Euskalduna ziren talderik sendoenak. Hirugarren mailan jokatzen zuten, eta horien gainetik bigarren eta lehen maila besterik ez zeuden Espainiako estatu osoan. Orduan ere, Andoaingo talde erdia Etxeberrietan hazitako mutilek osatzen zuten. “1964-1965 denboraldian, bigarren mailara igotzeko igoera fasea jokatu zuen Euskaldunak. Andoainen, aisialdiaren atalean zinea eta Udal Musika Bandaren erromeria beste eskaintzarik ez zegoen, eta futbolak predikamentu handia zeukan; Etxeberrieta ikuslez lepo jartzen zen Euskalduna ikusteko irrikaz”.

Alavesen, profesional

Jokalari gisa egindako ibilbidean, Agirrek bi denboraldi jokatu zituen Alavesen; urte horietan soilik atera zuen bizimodua futbolarekin “Hilabetekoaz gain, 500 pezeta partidua etxean irabaziz gero, eta bikotza etxetik kanpo”. Gainerakoan, Fierro lantegian gaztetan eta gero Marie Brizarden jardun zuen; azken horretan hartu zuen erretiroa.

Hogeita zortzi urterekin utzi zuen futbola, baina mundu horren harra barru-barruan zeramanez, entrenatzailearen titulua atera zuen. Era horretan, Agirrek ibilbide oparoa egin izan du entrenatzaile gisa ere. Horretan ere “etxekoa” izan da, Hernanin egin zuen abentura laburra kenduta. “1978-1979 denboraldian hasi nintzen jubenilak entrenatzen, eta 1995ean utzi nuen betirako eginkizun hori. Bien bitartean, maiz denboraldia hasi eta gero lehenbiziko entrenatzailea ordezkatzera datorren horietako izan naiz”.

{{IMG-41308}}
Agirre entrenatzaile gisa, 80ko hamarkadan. Erregional mailako Euskaldunarekin, Etxeberrietan. Zutik: Unanue, Pitu, Hilario, Garcia, Garmendia eta Lasa. Makurtuta: Ormaetxea, Arano, Uztarrotz, Maiza eta Gurrutxaga.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!