Iñaki Mujika Euskarabentura udalekuetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 6a, 02:00

Euskal Herriko zazpi lurraldeak bisitatuko dituzte 120 gaztek uztaila osoan zehar, Euskarabentura ekimenari esker.

Zer da Euskarabentura?

Nire adineko Euskal Herriko 120 gaztek Euskal Herri osoko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu Euskarabentura udaleku hauei esker. Hilabete osoko bidaia izango da eta ia bidaia guztia oinez egingo dugu, bidean Euskal Herriko txoko ezberdinak ikusiz eta lagun berriak eginez.

Nola jakin zenuen udaleku hauen berri?

Gure ikastolara etorri ziren proiektua aurkeztera eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Izugarrizko esperientzia izan zitekeela iruditu zitzaidan, eta gurasoei esan nienean izen ematera animatu ninduten. Gainera, nire gelako hiru pertsona gehiagorekin noa eta horrek lasaitasuna ematen dit.

Zer egin behar izan duzue aukeratuak izateko?

Motibazio gutuna bidali genuen eta, horretaz gain, beraiek esandako hiru gaietako bat aukeratu, eta horren inguruko lan bat ere aurkeztu behar genuen. Gaiak euskara eta emakumea, euskara eta itsasoa, eta euskara eta zure herria ziren eta nik azken honen inguruko lana egitea erabaki nuen. Historikoak, literarioak, plastikoak, musikalak edota ikus-entzunezkoak izan zitekeen lanak eta nik arlo musikaletik jotzea erabaki nuen.

Zer da bidaia honetatik arreta gehien deitzen dizuna?

Ni oso abenturazalea izan naiz betidanik eta natura ere asko gustatzen zait. Beraz, horrelako esperientzia batean parte hartzeko aukera ikusi nuenean, zalantzarik gabe eman nuen izena. Gainera, konturatu naiz gehiago kontrolatzen ditudala Euskal Herritik kanpoko hainbat herri, Euskal Herria bera baino, eta hori aldatu beharra dagoela iruditzen zait. Bidaia honekin Euskal Herriko zazpi lurraldeak, Santiago bidea, munduko ondare izendatutako lekuak eta kobak bezalakoak ezagutuko ditut, eta gogotsu nago.

Bidaia oinez da beraz?

Bai, bidaiaren zatirik handiena oinez izango da. Guztiok gure motxilarekin joango gara, baina furgoneta bat ere izango dugu beste maleta bat ere eraman ahal izateko.

Zerbait berezia eramatea pentsatu al duzu?

Niri musika ikaragarri gustatzen zait eta gitarra bat eramatea pentsatu dut, baina handiegia agian. Ukelele batekin konformatu beharko dut. Aurreko urtean, gainera, Asteasun egin ziren udaleku batzuetara joan nintzen eta bertara ere eraman nuen ukelelea eta jendeari asko gustatu zitzaion.

Zuek 120 bazarete, begirale mordoa ere joango da ezta?

Bai, gainera bidaian zehar inguruak ikusteaz gain, beste mota batzuetako ekintzak ere egingo ditugu eta badakit arte munduko jendea joango dela eta artearen arlo ezberdinak ere ikasiko ditugula. Gainera, musika gustuko dudala kontuan izanik, ni bezalako pertsona gehiago ezagutzeko aukera polita dela ere iruditzen zait.

Jendearen aldetik udaleku hauekiko espektazio handia dagoela iruditzen al zaizu?

Nik baietz esango nuke. Lehenengo aldia da horrelako udaleku batzuk egiten dituztena, eta horrenbeste gazterekin gainera. Aipatu didatenez, hainbat komunikabide etortzekoak dira argazkiak eta bideoak egitera, beraz, telebistan ere azalduko gara.

Zer esaten dizute lagunek bidaia honen inguruan?

Nire lagun asko ez dira apuntatu Villabonako festak galtzen zituztelako, baina pentsa, horrenbeste jende ezagutu ostean zenbat festa gehiagotara joateko aukera izango dudan. Ez zait inporta urte bateko festak galtzearena. Askoz ere aberasgarriagoa iruditzen zait hilabete horretan bizi ahal izango dudan guztia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!