Baserriari, herriari, herrigintzari, artisautzari estu lotutako bizimodua izan da Antselmo Larrarte larrauldarrarena. Bere bizipenak eta jakinduria zabaltzeko abilezia berezia zuen gainera, hizlari trebea zen Antselmo eta dozenaka idatzi ere sortu zuen Aiurri hamaboskarirako. Herriko etnografiari, usadiozko bizimoduari edo historiari buruzkoak izaten ziren bere idatziak. Eskuz txukun idatzita helarazten zituen gutunak Antselmok eta beti zabalik izaten zituen bere etxeko ateak, laguntzeko prest.
Berak landu izan dituen gaiak, maiz, Aiurri hamaboskariko erreportai nagusi izan dira, adibide gisa aipatzekotan sagardoari buruz egindakoa, babarrunari eskainitakoa, Arregietako garbileku edo ikuztegiari buruz argitara emandakoa edota herriko bolatokien inguru landutakoa.
Garai bateko testigantza
Oroimen handikoa zen Antselmo. Berak bizi eta ezagutu izandakoa jaso, eta ondorengo belaunaldiei zabaltzeko grina eta gogoa azaltzen zuen. Aiurri hamaboskariarekin ez ezik, Larraulgo Ekomuseoko kideekin ere hainbat jakintza partekatu zuen. Ahotsak ekimenean ere hartu zuen parte.
Artisautza eta tresna etnografikoen zaletu zen Antselmo. Makilak eta beste hainbat gauza egiten zituen egurrez Larraulgo bere baserrian eta gustura erakusten zizkion inguratzen zitzaionari. Artisautza eta antzinako tresnen azoketara joatea ere gustuko zuen, eta duela urte gutxi arte, ez zuen hutsik egiten Bordeleko azoka nagusira ere.
Aipamen berezia
Aiurri Aipamen Berezia jaso zuen Antselmo Larrartek 2011ko martxoan. Ohorezko Aipamena eman zioten Antselmori, bizitzan zehar egindako ibilbide oparo eta merezimenduzkoari eskainia. Larramendi Kultur Bazkunak, honako merezimenduak aitortu zizkion Antselmori: “Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko Zuzendaritza Batzordeak, 2010eko abenduaren 13an egin zuen bileran, aho batez erabaki zuen Antselmo Larrarte Roteta jaunari AIURRI Ohorezko Aipamena 2010 ematea, Larraulen, bertako usadioak, ohiturak eta gizaldiz gizaldi eratorritako bizimodua herritarrei eta belaunaldi berriei ezagutzera ematen AIURRI hamaboskarian hamasei urtetan egin duen lan bikainaren eskerronez, bere ahalegin eskuzabalak Larraulgo herriaren oroimen historikoa bizkortzeko eta oroitzapen sorta zabala gordetzeko ezinbesteko gertatu delakoan.”
Azken urtetan osasun arazoak izan zituen Antselmok eta badira zenbait hilabete Larrunbide Etxeberri baserria utzi, eta Asteasuko Betani etxean bizi zela. Hala ere, susperraldietan ohikoa zen bere autoan batera eta bestera zebilela ikustea.
Uztailaren 1ean zendu zen Antselmo Larrarte. Aiurri Aldizkariko lantalde osoaren izenean, eskerrik asko, Antselmo. Gugan bego.