Bertxin elkartearen ereserkia, lau haizetara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 7a, 02:00

Bederatziehun bazkide inguru dituen Bertxin jubilatu eta pentsionisten elkarteak badu ereserkia, joan zen igandeaz geroztik. Kaletxikiko jaietan estreinatu zuen Gora Kaletxiki Bandak jendaurrean, elkarteko ordezkariak bertan zirela.

Kanta interpretatzeko orduan, Bandak Andoaingo elkarte ezberdinetako danbor joleen laguntza eduki zuen. Ondoren, Joxe Mari Oiartzabalek Bertxin elkarteko zuzendaritza batzordeko kideei partiturak eman zizkien, Kaletxikin bildu ziren ikusleen txaloak jasoz.

"Bertxin elkartea/ zahartzarorako gorderik / dugun txoko ederra / Bertxin Elkartea! / Besteekin partekatzeko / bizitza honen pozak / Bertxin Elkartea! / Hutsuneak uxatzeko / aitzakia guztiz polita / Bertxin Elkartea! / Andoaingo elkarterik handiena!". Hitzak aipagarri bilakatu dira ereserki berrian.

Letra Berrondorena, musika Oiartzabalena
Joxe Ramon Berrondok idatzi du letra, eta musika Joxe Mari Oiartzabalena da. Doinuari dagokionez, Oiartzabalek berak adierazi zuen zertan inspiratu den: “Andoaingo musikaren historian tradizio handikoak izan diren Pepe Andoain, Eulogio Saldias, gure aita (Joxe Mari Oiartzabal) eta antzekoen estiloaz baliatu naiz. Biribilketa bat da azken batean, kalean jotzeko, jendea dantzan jartzeko…, Hiru parte ditu, elkartearen ezaugarriak kontuan hartuta; lehenengoan, alaitasun puntu bat itsatsi diot; bigarrengoak, berriz, tristura kutsua dario, bizitzako azken urteetan sentimendu hori ere presente egoten delako. Azkenik, hirugarren zatiak, berriro ere poza transmititu nahi du”.

Berrondok, ereserkiaren letraren muina deskribatu zuen: “Jubilatuen elkartea, giza harremanetan sakontzeko eta bakartasunak uxatzeko gune egokia izaten da urtetan aurrera doazen pertsonentzat, eta ideia hori da nagusi letran”.

Zordun Bertxin elkartearekin
Aldi berean, kanta sortu izanaren zergatia azaldu zuen Berrondok igandean: “Gora Kaletxiki Banda zordun sentitzen zen Bertxinekin, eta horixe izan da motiboa. Izan ere, “Andoaingo sorreraren 400. urteurrenerako prestatu zen diskoan, Bertxin izan zen ereserkirik gabe geratu zen elkarte bakarra”.

Zer esanik ez dago Bertxin elkarteko kideentzat egun berezi-berezia izan zela igandekoa. Harrotasunez jaso zuten oparia. Adierazi zutenez, ereserkia ahal duten guztietan zabaltzen saiatuko dira, bai elkarteko 900 bazkideen artean eta baita ere urtean zehar antolatu ohi dituzten makina bat ekitalditan.

Bideoa ikusgai dago Aiurri.eus webgunean, baita Aiurriko Youtubeko kanalean ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!