Mikel Ormazabal - KRISTAU ESKOLAKO ZUZENDARIA
{{IMG-41290}}
Nire lehenengo hitza zorionak da. Gaur Urnietan gertatzen ari dena beste hainbat herrietan ere gertatzea nahiko genukeelako. Aspaldi amestutako proiektua da. Pozik eta harro sentitzeko unea da, beraz, gaurkoa.
Zergatik da egun pozgarria Kristau Eskolarentzat? Salesiarra naiz, baina momentu honetan Kristau Eskolaren inguruan nabil. Kristau Eskola zer den aurkeztu nahi nuke. Euskadi osoan 136 hezkuntza gune ditugu, sistema kontzertatuaren %60a osatuz. Hezkuntza sistema osoa kontutan hartuz, %30a ordezkatzen dugu.
Presentacion de Maria eta Salesiar ikastetxea Kristau Eskolen baitan daude, kristau humanismoa ideia nagusi delako bietan. Lau urte dira Kristau Eskolak abiatu zirenetik, Euskadiko demografia mapa aztertu eta gero.
Ikei enpresak bere garaian azterketa egin zuen, eta horren baitan 2030. urtera bitarte jaitsiera demografikoa %35-40koa izango da. Hezkuntza gune guztietan kezka handia dago une honetan.
Eskola mapa egitasmoarekin erakundeen arteko jarduerak burutu ditugu, hiru helburu nagusiekin:
• Hezkuntza egitasmoak biziberritu eta indartu, eta ez ahuldu.
• Humanismo kristauaren agerpena egin, eta ez galdu.
• Urnietan egin den moduko ekintzak aurrera eraman.
Gaurkoa ez da helmuga, hasiera baizik.
Mikel Pagola - URNIETAKO ALKATEA
{{IMG-41291}}
Zorionak eman nahi dizkiet Presentacion de Mariari eta Salesiar ikastetxeari. Ikastetxeko familia osatzen dugun guztioi –ikasle, guraso, irakasle, monja, salestar– gaurkoa zorionak emateko eguna da.
Urnietako hezkuntza komunitatean bi proiektu ditugu. Biak beharrezkoak, biak osagarriak, Urnietako neskato eta mutiko guztiek kalitatezko hezkuntza izan dezaten.
Presentacion de Maria eta Salesiarrak batzean Magale proiektuarekin bere etorkizuna bermatuta geratzen da. Beraz, herri ikuspegitik ikusita egun zoriontsua da.
Nerea Lizartza - IRAKASLEA
{{IMG-41295}}
Magale sortu da. Hutsetik sortzen ez denez, jatorrizko bi proiektuen indarguneak sendotuko ditu Magalek. Familiak eta haien seme-alabak izango ditu ikaskuntza prozesuaren erdigunean. Konfiantzaren pedagogia da Magalek duen ardatz eta oinarrietako bat. Gizarte honek taldean modu eraginkorrean lanean dakiten pertsonak behar ditu. Arazo egoeran oinarritutako proiektuekin egiten dugu lan.
Euskara, gaztelera eta ingelera dauzkagu jo puntuan. Beharrezkoa ikusten dugu emozionalki azkarrak eta helduak diren haurrak eta gazteak hezitzea. Gizarte aldakor honetan gerta daitezkeen egoerei irmo aurre egiteko. Eta hori guztia aro digitalean murgilduta, unean uneko puntako behar digitalei erantzunez. Gehiago aipa badaitezke ere, ildo pedagogikoan horiexek dira nagusienak.
Agustin Urretabizkaia - MAGALEKO KOORDINATZAILEA
{{IMG-41292}}
Niretzat ohore handia da proiektu honen talde bultzatzailearen koordinatzailea izatea. Magale hitzak ondo definitzen gaitu. Hitz horren esanahiaren atzean goxotasuna, gertutasuna, familia giroa…, daude. Haurrak gurasoen magalean zoriontsu eta seguru sentitzen diren moduan, zuen seme-alabak ikastetxean horrela sentitzea nahi dugu. Pertsona konprometituak eta zoriontsuak izateko laguntza eta jarraipena gure aldetik jasoaz.
Alde batetik, Presentacion de Maria eta salestarren elkarteek erakutsi duten konpromezua proiektua bultzatu eta aurrera eramateko. Bestetik, proiektua gauzatzen egongo garen irakasle eta langileak daude.
Giza eta kristau baloreak bizitzeko aukera emango dien sormen giro positiboan murgilduko dira gure ikasleak. Magale guztiontzako ilusioz beteriko erronka izango da.