Santiagoko Bidearen ikur berri bat Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 5a, 02:00

Nazario Maiz eskulturgileak Santiagoko Bidearen adierazgarria den maskorra ipini berri du Urigain jauregiaren belardian. Honetaz gero, zazpi dira Andoaingo bazterretan topa daitezkeen maskorrak.

Beste seiak ere Santiago Bidea errespetatuz jarri ditu Maizek. Hona non ikus daitezkeen: La Salle ikastetxearen horman (Erroitz Kalea), Bordatxiki etxeko sarreran (Elizondo etxeari itsatsia); Santa Krutz ermitan; Olajauna etxean; Maindi iturriaren gainean, etxe horman; eta, Sorabillako San Martin elizan.

Andoaingo La Salle-Berrozpeko fraide den Maiz maskorraren sinboloa zabaltzen dabil azken urteetan, nondik eskatu hara joaten da. Dagoeneko, 150etik gora maskor ipini ditu Santiagora joateko mundu guztiko erromesek erabiltzen dituzten bide ezberdinetan.

Andoainetik igarotzen den Donejakueko ibilbide zatia “Barrualdeko bidea” bezala ezagutzen da. Irun eta Hernani artean betetzen du lehen etapa; bigarrengoa Hernanitik Tolosara doana da, Andoainetik barrena. Bidanian amaitzen da hirugarrengoa, eta Zerainen laugarrena. Hortik aurrera, Arabarantz doa, Aizkorriko parketik pasa eta gero. Bide hori ez da oso ezaguna, bide frantziarra da luzez erromes kopuru handiena hartzen duena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!