Aurtengo Santio jaietan drogen kontsumo ilegalaren arriskua murrizteko programa bat jarriko da martxan, Testing programa izenekoa, hain zuzen. Ai Laket! elkarteak dihardu programa horretan lanean, eta Euskal Herriko jaietatik mugitzen dira. 2.500 euroko kostua du irteera bakoitzak eta dirua Santio jaietako aurrekontutik erabiliko da.
Droga ilegalen kontsumitzaileek eta kontsumitzaile ohiak sortu zuten Ai Laket! elkartea 1998. urtean. Eta 2002an elkarte izendapena eman zioten. Ainhoa Maillo elkarteko kideak adierazi duenez, "gure oinarria kontsumo arduratsua bultzatzea da".
Furgoneta eta informazio karpa
Furgonetan mugitzen dira herriz herri eta bertan laborategia daukate substantzia ilegalak analizatzeko. "Analizatu ostean zein substantzia daramatzan jakin dezake, eta ondoren erabaki kontsumituko duen ala ez", azaldu du Maillok.
Furgonetaz gain, informazio karpa ere badute, non substantzia legalei eta ilegalei buruzko informazioa topa daitekeen.
Ai Laket! elkarteko furgoneta Santio jaietako gazte egunean etorriko da, hau da, uztailaren 26an 23:00etatik 02:00etara.
Informazio gehiago Ai Laket! elkartearen webgunean lortu daiteke.
{{IMG-41262}}