Euskara ikasteko diru-laguntzak eskainiko ditu Urnietako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko uzt. 2a, 02:00

Euskarako ikastaroetan matrikulatzeko eta Euskarako eta Helduen Heziketa Iraunkorreko ikastaroetara joateko diru-laguntzak dira. Eskaera epea uztailaren 30 arte egongo da zabalik, eta eskaera orriak bulegoan bertan entregatu behar dira.

2017ko irailaren 1etik 2018ko uztailaren 31ra euskaltegi homologatu batean euskara ikasten edo hobetzen diharduten urnietarrei zuzendutako eskaintzak dira.

Betekizunak:

  • Matrikula euskaltegiak ezarritako epearen barruan ordaintzea.
  • Urnietan erroldatuta egotea, gutxienez sei hilabetez jarraian, diruz laguntzea eskatzen den ikastaroa amaitzen den datarako.
  • Euskarazko ikastaroan gutxienez %80ko asistentzia egiaztatzea.
  • Asistentzian egindako huts egiteak zuritzeko gaixotasun agiriak bakarrik onartuko dira.
  • Aprobetxamendu ona izatea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Eskaera orria
  • Eskatzailearen NANaren fotokopia.
  • Beste diru-laguntzaren bat eskatu balu, horri buruzko aitorpena.
  • Euskaltegiaren ziurtagiria, ikasleak izandako asistentzia, aprobetxamendua, ordaindutako matrikula eta abarrak jasoko dituena.
  • Langabetuentzako diru-laguntza jasotzeko baldintza ikastaroaren matrikula egiten denetik diru laguntzaren eskaera egin bitartean, momenturen batean langabezian egotea da, eta Bizitza Laboralaren txostena aurkeztu beharko da.

Ikasleek jasoko duten diru-laguntza matrikularen %80a izango da gehienez langabetuentzako, eta %50a gehienez lanean ari direnentzako. Diruz laguntzeko gehienezko matrikularen kopurua 500 euro izango da urte eta ikasleko. Barnetegiko ikastaroetan egoitza gastuak ez dira izango diru laguntza-gai.
 

Euskarako eta HHI-Helduen Heziketa Iraunkorreko ikastaroetara joateko diru-laguntzak

2017ko irailaren 1etik 2018ko uztailaren 31ra ikastera Buruntzaldeako beste herri batera joan behar duten ikasle urnietarrentzako diru-laguntzak dira; Urnietan talderik ez dagoenez, kanpora joate horrek eragiten dien gastua arintzeko.

Betekizunak:

  • Urnietan erroldatuta egotea.
  • Urnietan eskaintzen ez den maila eta ordutegi bateko ikasle izatea.
  • Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako edo Usurbilgo euskaltegi bateko edo EPA-Helduen Heziketa Iraunkorreko zentro bateko ikasle izatea.
  • EPA-Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroko ikasleen kasuan, OHO titulua lortzeko ikasle izatea.
  • Langabetuen kasuan OHOko tituluaz gain, Buruntzaldeko HHI zentro batek eskaintzen duen beste edozein ikastarotan izena eman dezake, baina ikasturte amaieran %80ko asistentzia egiaztatu behar du bidaietako diru-laguntza jaso ahal izateko. Kasu horretan, diru-laguntza eskaerarekin batera zentroak sinatutako ziurtagiria eta Langabetu txartela aurkeztu beharko dira.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Eskaera orria.
  • Eskatzailearen NANaren fotokopia.
  • Homologatutako zentroaren edo HHI zentroaren ziurtagiria, asistentzia, taldea eta matrikulatze-data ziurtatuz.

ESKAERA ORRIA eta ARAUTEGIA Udalaren webgunean lortu daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!