“2019an irabaztera aterako gara, asmo garbia daukagu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 29a, 02:00

Marijose Izagirre EAJ-PNVko alkategaia izango da, bere izendapena Andoaingo Uri batzarrak aho batez hartu ondoren. 2019ko maiatzean ospatuko dira hurrengo udal hauteskundeak.

Gipuzkoako EAJko lehen hautagaien artean zurea iragarri zen ekainaren 16an. Zeintzuk izan dira hautagaitzari baiezkoa emateko arrazoiak?
EAJ-PNVn barne prozesu luzea egin dugu. Hautagaiak proposatu ondoren, batzarrean erabakitzen da. Andoaingo kasuan batzarrak aho batez onartu zuen nire proposamena, eta niretzat ohore handia da.

Zein aurreikuspen duzue 2019ko maiatzerako?
Irabaztera aterako gara, asmo garbia daukagu. EH Bildu oso desgastatuta zetorren iraganeko blokeo politikagatik, eta herrian egin diren inbertsio nagusiak guk finkatu genituen. Gutxiengoan zegoen gobernuari oposiziotik laguntzea erabaki genuen. Gobernuan egonda, askoz gauza gehiago egin ditzakegu.

EH Bilduko gobernu taldearen lanari zein nota ipiniko zenioke?
Bi aro egon dira. Agintaldi hasieran elkarlan oso txukuna egin dugu. Hori ona izan da herriarentzat. Baina gero zinegotzi ez atxikituaren agerpenarekin gauzak aldatu egin ziren. Gehiengoak berarekin eta Irabazi eta Ganemosekin batera bilatu dituzte. EH Bildu iraganeko politikara itzultzen ari da.

PSE-EEekin Andoainen zertan egon zarete ados? Eta zertan ez?
Alderdi berriekin alderatuta, sozialistek eskarmentu handia dute udalgintzan. Zentzuzko gauzak planteatzen dituztenean ados egoten gara. Baina Andoainen, adibidez, bazirudien herria geroz eta okerrago egonez gero eurentzat elektoralki hobe zela eta guk ez dugu horretan bat egiten. Gure ustez herriaren garapena ahalbidetu egin behar da. Politika egiteko bi eredu ezberdin ditugu.

Zinegotzi ez atxikiaren botoa erabakiorra da orain. Zein iritzi duzu egoera horren aurrean?
Hori zinegotzi bakoitzari dagokion erabakia da, eta guk errespetuz ikusten dugu. Egia da Irabazi eta Ganemoseko ordezkariekin batera gehiengo osoa ahalbidetu diezaiokela EH Bilduri, eta horixe gertatzen ari da. EH Bilduri txeke zuria eman diote.

2015ean EAJ-PNVko lau botoak ez ziren norabide berean joan. Zuen abstentzio batek eragin zuzena izan zuen Carreren izendapenean.
Niretzat eta alderdikideentzat oso momentu gogorrak izan ziren, tentsio handikoak. Goi mailan hartzen diren erabakiak gero herri mailara ekartzea batzuetan konplexua izaten da. Andoain eta andoaindarrok estatuko hedabideon aldetik jaso genuen tratua penagarria izan zen. Fiskaltzak ere gugan jarri zuen begirada. Tamalgarria izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!