Klarinete kontzertua, larunbatean Amasan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 28a, 02:00

Urval Ensemble taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean, Amasako elizan. Errepertorio zabala eskainiko du klarinete laukoteak, iluntzeko 20:00etan hasita.

Urval Ensemble, Jasone Etxebeste, Patxi Divar, Carlos Casadó eta Marixi Sesmak osatzen duten laukote entzutetsua, Zumaian urtero antolatzen den Klarinete Maratoi ospetsuaren testuinguruan sortu zen eta The Clarinet nazioarteko aldizkariaren azaleko irudi izatea lortzeaz gain, euskal musikaren enbaxadore gisa, kontzertuak eskaini dituzte Madrid, Lincoln (Estatu Batuak), Gante (Belgika), eta Feroe irletan (Danimarka) bezalako hiriburuetan.

Datorren larunbatean eskainiko duten dohaineko kontzertuan, Aita Donostia eta Jesús Guridi, Jean Francaix konpositore frantsesaren Petit Quatour, bere garaian Celia Cruzek interpretatzen zuen La Reina del Trópico bezalako konposizio ospetsuak biltzen dituen “Fantasías Mexicanas” zatia eta Mike Curtis iparramerikarraren Klezmer triptikoa bezalako konposizioak biltzen dituen errepertorio zabala interpretatuko dute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!