Poza ez ezik harrotasun pixka bat ere ematen dio Kandidoren larruan sartu beharrak. “Bete beharreko protokolo guztiak ahalik eta txukunen egiten saiatuko naiz; hori bai, dantza, hobe alde batera uzten badugu, zeharo makala bainaiz”.
Badira urte batzuk proposatu izan diotela Kandido izateko Kaletxikiko jaietan, baina ezezkoa erantzun izan du beti. Aurtengo urteak, ordea, badu berezitasunik berarentzat, eta iritziaz aldatzea eragin dio. 2018ak sinbologia handia baitauka, eta zergatia, erraza da ulertzen: “Hernaniarra izanagatik, bizitza erdia Andoainen daramat, Kaletxikin. Kaletxikikoa den Arritxu Zalduarekin Berrozpen ezkondu, eta Andoainen bost bat urteko bizialdia egiteko asmoz etorri nintzen. Baina hor non hogeita bost urte daramadan bertan!”. Umorea aisa ateratzen zaion gizona da, eta atera dio punta errealitate horri ere: “Berrozpen ezkondu eta handik berrogei metrora geratu nintzen bizitzen”.
Kaletxikiko jaiak modu berezian bizitzen dituen familia dauka Manuk. “Semea, Lander, bete-betean sartuta dabil antolaketa lanetan, umetan Kandidoren laguntzaile Txikitxo bezala hasi zenetik. Izugarri bizi ditu jaiak, eta azkenean, berak arrastaka eraman nau modu batera edo bestera jaietan laguntzaile izatera”.
Kaletxikitarren nortasuna deigarria egiten zaio
Kaletxikitarrek nortasun propioa, bere-berea dutela azpimarratzen du Gorostegik. Horrela, Kaletxikira bizitzera etorri zenetik, bertako auzotarrek gauza batean eragin izan diote harridura: “lehenbiziko kaletxikitar sentitzen dira, eta andoaindar ondoren. Ezagutzen dut Oiartzun, Hernani, Astigarraga eta Aranoko jendea, eta inguru horietan ez da halakorik ematen”.
Pertsona nobletzat dauzka kaletxikitarrak Gorostegik. “Auzoaren eta festaren maitale amorratuak dira bai, baina ez dira atzera geratzen lanerako orduan. Egundoko meritua daukate urtero-urtero holako jai egitaraua osatzeagatik. Eta horretarako premiazkoak diren hiru ezaugarri erakusten du garbi: auzo-zale, festa-zale eta langile izatea”.
Sagardo dastaketa, oso gogoko
Egitaraua eskuetan duela, ekitaldi gehienak dituela gogoko adierazi du Manuk. Nolanahi ere, larunbat eguerdian ospatzen den sagardo txapelketarekin gozatzeko du gehien. “Sagardotegietako sagardo diferenteak dastatzeko aukeraz gain, bertan sortzen den festa giroak erakartzen nau. Nire lanbideak galarazi egiten dit halako jaietara joatea normalki, baina Kaletxikikoa salbuespentzat hartzen dut”.
Gorostegik aurrekontu handiko ekitaldiak baino, nahiago izaten ditu xumeak, jendea elkarrekin biltzeko egokiak izango direnak. Ziurtatzen duenez horretatik soberan datoz Kaletxikiko jaiak. “Jendea elkartzeko, giza harremanak eta alaitasuna bultzatzeko, eta azken batean, giro herrikoia sortzen duten ekitaldiak barra-barra dauzkate Kaletxikiko jaiek. Ikusi besterik ez dago, bokata afaria, oilasko-bazkaria... Horietaz aparte, asko erakartzen nau igande arratsaldeari begira berreskuratu den ezkongabe eta ezkonduen arteko futbol partidka. Umorea eta txantxa izaten da nagusi hor, eta horixe da behar duguna, bizitza nahiko garratza egiten zaigu-eta maiz”.
Azkenik, Manu Gorostegik gonbitea luzatu diete gainerako andoaindarrei eta inguruko herrietako biztanleei, Kaletxikira hurbil daitezen. “Edozein adineko jendeak gozatzeko moduko ekitaldiak topatuko ditu; umorea eta dibertsioa ziurtatuta edukiko dituzte”.