Herrikideak parte-hartzera animatzea da, eta partaide bakoitza kirol jarduera ezberdinean kokatzea izan da azken asteetan Jon Flores eta Aitor Irazu gazteen zeregin nagusia. Bien artean daramate jai egitarauaren azken eguneko ekitaldi ikusgarrienaren ardura.
Zer nolako lana egin duzue aurtengo Herri kirolen antolaketan?
Jon Flores: Orain dela hiru urte pasa ziguten lekukoa eta biok hasi ginen antolaketa lanetan. Normalean hiru aste lehenago hasten gara guztia antolatzen.
Ze proba izango dira aurten?
Aitor Irazu: Zailtasun gehien dutenak, abilezia eskatzen dutelako, sega, trontza eta aizkora izango lirateke. Horiez gain, harriaren proba, lokotxak, txinga, zaku karrerak, korrika eta kontrabandoa deritzona. Iaz jendeari asko gustatu zitzaion proba sartu genuen, karretilarena. Barruan kide bat eta tiraka bestea jarrita, soroari buelta eman behar zioten.
Asteasuarrek bakarrik hartzen al dute parte herri kiroletan?
A. I.: Bai, lehentasuna herrikideok dugu. Igande arratsaldean izatean batzuetan jendea bilatzea kosta egiten zaigun arren.
J. F.: 17-25 urte bitartekoak izan ohi dira, trontzan edo aizkoran adina zertxobait igotzen bada ere.
Herri kiroletan parte hartzeak aurre prestaketa bat al dakar?
A. I.: Txingn, lokotxak edo korrika edozeinentzat aproposa izan daiteke. Trontzan, segan eta antzeko probatan ateratzeko aurre prestaketa bat beharrezkoa da.
Jeneroa kontutan hartzen al da?
J. F.: Probak mistoak izan daitezen saiatzen gara beti.
A. I.: Lehenengo urtean kosta egin zen, baina behin animatu zirenean emakumeengana jotzea errazagoa izan da.
Bidea zabalduko duten kideak behar dira, atzetik besteek bide horretan jarrai dezaten. Aurtengoan kirol jarduera guztietan emakumezkoak zein gizonezkoak ikusiko ditugu.
Sanpedroetan zein leku hartzen du herri kirol desafioak?
J. F.: Inguru guztiko jendea biltzen duen ekitaldia da. Lagunartekoa izateko jende asko biltzen da. Jendeak gure kontura barre pixka bat egiten du, guztiok disfrutatzen dugu.
Antolatzaile izateaz gain, parte hartzaile izango al zarete?
J. F.: Bai, eta antolatzaileak gu garenez gustuko probak banatzen dizkiogu elkarri.
Kanpoko norbaitek parte hartu ahal izango luke?
A. I.: Ahal den bitartean, herriko parte hartzaileekin jarraitzea da asmoa.